EUSKARALDIA

Azterlaneko beharginek ariguneak sortu dituzte Euskaraldian, lanean euskararen erabilera bultzatzeko

Jone Guenetxea 2020ko abe. 4a, 10:30

Euskaraldiak mingainak dantzan ipini ditu. Ahobiziak eta Belarriprestak bizi-bizi ibili dira. Euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak bere bigarren edizioan izan duen berrikuntza handienetariko bat ariguneena izan da. Euskaraz jarduteko guneen sorrera komertzio eta elkarteetara ez ezik, enpresetara ere zabaldu da. Lan arloan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ariketa egin dute Durangoko Azterlan Zentro Teknologikoan.

Olatz Garro Azterlaneko komunikazio arduradunak azaldu duenez, orain urte biko Euskaraldian hainbat langilek bat egin zuten ekimenagaz maila indibidualean. Aurten, parte hartzeko gonbita jaso zuten Mankomunitatetik, eta baiezkoa ematea erabaki zuten.

137 pertsona dabiltza lanean Azterlanen. "Lantaldeko ehuneko handi bat euskalduna da eta inguruan bizi da. Hasieran kosta egin zitzaigun ariguneak identifikatzea. Espazio zabaletan lan egiten dugunez, erabaki genuen ingurukoen artean ariguneak sortzea", dio Garrok. Euskaraldia lantzen hasi zirenean, COVID-19aren hasiera zen eta zailtasunak izan zituzten, egoerak berak eraginda. Baina, zelan edo halan, lortu dute ariguneak sortzea eta martxan ipintzea. Egunotan ilusioz ekin diote.
52 lagunek izena eman dute (6 Belarriprest eta 46 Ahobizi). "Euskaraldiko egunak igarri dira. Jendeari Belarriprestak ikusteak ilusioa egin dio. Ikustea norberaren lantaldean aurretik detektatu barik zeniten Belarriprestak daudela poza ematen du", gaineratu du Garrok.

Hizkuntza teknikoa
Azterlanek dituen lan esparru teknikoa eta bezero mota direla-eta, askotan gaztelaniaz edo ingelesez berba egiten dutela gogoratu du komunikazio arduradunak. Hala ere, beste bezero asko euskaldunak izaten dira. Solasaldiak euskaraz hasten diren arren, askotan gaztelaniara pasatzen direla aitortu du Garrok. Horixe da erronka, hain zuzen ere. Solasaldi informaletatik harago, enpresetako lan hizkuntza euskara izatea. Baina pausoz pauso egiten da bidea, eta Euskaraldiak lehenengo bultzada eman dio helburu horri. Orain, lortutakoari urteko gainerako egunetan eustea geratzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!