Neberondo durangarrentzat, zalantzarik gabe, naturaz gozatzeko leku aproposa da. Benetan, ingurua ezagutzeko merezi du hara joatea. Halere, aitortu behar dizuet, joan zen astean kamioiak gora eta behera ikusi genituenean, ezin izan genuela sinestu, Neberondoraino doan bidea zimendatzen ari ziren. Zentzugabekeria iruditu zitzaigun. Hori da Bizkaiko Foru Aldundiaren politika? Mendiak urbanizatzea? Zertarako?
Lan horrekin, Neberondok betiko galduko du xarma. Egin beharrekoa guztiz kontrakoa izan beharko litzatekeela uste dut, funtsezkoa mendia birnaturalizatzea eta birsotzea izan behar da.
Bestalde, bidea estutu egin dute, hortaz, mendizaleok, korrikalariak, txirrindulariak, quad-ak, motoristak, denok konpartitu behar dugu bidea eta bizi dugun egoeran, covid dela-eta, jende gehiago joaten gara, eta hemendik aurrera autoak ere bai? Espero dugu autoek debekatuta izatea eta Neberondo parke tematiko ez bihurtzea.
Amaitzeko, hausnarketa egitera gonbidatzen zaituztet. Izan ere, daukagun altxor naturala zaindu behar dugu eta gehiago esango nuke, herritarron gozamenerako Neberondo naturalagoa lortzeko interesa duten talde guztiek parte hartu beharko lukete aldarrikapen honetan. Adibidez, ekologistek, mendizale taldeek, ... Ea denon artean basati dagoena horrela mantentzea lortzen dugun. Asfaltorik ez!