Durangoko Udalak Jaurlaritzari airearen kalitatearekin inplikatzeko eskatu dio

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 24a, 17:25

Durangoko Udaleko hainbat kidek Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean parte-hartu dute. Bertan izan dira gobernu taldea osatzen duten EH Bilduko eta Herriaren Eskubideko hainbat zinegotzi. Baita, PSE-EEko Jesica Ruiz ere. 

Durangoko Udala Eusko Legebiltzarrean izan da gaur eguerdian, Eusko Jaurlaritzari Durangoko eta eskualdeko airearen kalitatearen hobekuntzan inplikatzea eskatzeko. Horretarako, Udaleko ordezkariek, tartean Ima Garrastatxu alkatea eta Julian Rios alkateordea, Ingurumen Batzordean parte hartu dute. Durangoko Udaleko kideak EH Bilduk eta Podemos-Ahal Dugu-k gonbidatuta egon dira Legebiltzarrean. 

Batzorde horretan Durangoko Udaleko ordezkariek Tecnaliak Durangoko Udalarentzat egindako azterlana azaldu diete legebiltzarkideei."Eusko Jaurlaritzari elkarlanerako mezua helaraztera gatoz Eusko Legebiltzarrera. Bada garaia durangar guztioi dagokigun egoera honi aurre egiteko; izan ere, pentsatzen dugun bezala pentsatzen dugula, aire bera arnasten dugu. Eusko Jaurlaritzarekin izan genuen bileran aitortu ziguten Tecnaliak egindako azterketa zuzena zela, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Iurretako Udalari eskatu genien gai horretan inplikatzeko eta Benzeno tontor horiek nondik datozen aztertzeko. Modu pribatuan helarazi diegun bezala, publikoki ere gure laguntza osoa eskaintzen
diegu", azaldu du Garrastatxu alkateak.

Horrez gain, eta, Tecnaliaren azterlanak hautemandako bentzeno isurketaren jatorri zehatza zehaztu ahal izateko beste azterlan bat eskatu dio udalak Jaurlaritzari. "Bentzeno foku zehatza detektatzeko beste azterketa bat egiteko beharra ekarri dugu Legebiltzarrera. Oposiziotik urte asko daramatzagu Durangon airearen kalitatea ona ez dela salatzen, eta datuekin frogatzeko eskatzen ziguten. Horregatik, eta orain gobernutik, egin dugun ikerketa azaldu diegu, eta eskua luzatu diegu", azaldu du Julian Rios alkateordeak.

EAJk elkarlana berretsi du

Durangoko EAJren esanetan, udalerriko eta eskualdeko airearen kalitatea hobetzeko "bide bakarra" Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren arteko lankidetza da. Udalak bizilagunen kexen erregistro estandarizatu bat "berehala" egin beharko lukeela adierazi dute jeltzaleek. Berretsi du, gainera, Durangon osatu berria den Airearen Kalitatearen Mahaian, "beharrezkoa" dela Ingurumen sailburuordetza ordezkatuta egotea.

Bestalde, talde jeltzalearen ustez, "beharrezkoa da Ingurumen Sailburuordetza gaur egun egiten ari den airearen  neurketa-kanpaina amaitzea, eta lortutako datuak gardentasun osoz argitaratzea, Durangaldeko herritarrak informatzeko eta lasaitzeko".

Ruiz ere Legebiltzarrean
Durangoko Udalean PSE-EEko bozeramailea den Jesica Ruizek ere gaurko Ingurumen Batzordean parte hartu du. Bertan, sozialistak "horrelako gai batekin alarmarik ez sortzeko" eskatu du. "Ziur aski Durangoko airearen kalitatea hobetu daiteke, baina esan beharra dago nitrogeno monoxidoa eta sufre dioxidoa parametro onargarrien barruan daudela. Hori horrela, orain arte bezala lanean jarraitu eta airearen kalitatea hobetzeko protokolo bat martxan jartzeko eskatzen diogu udalari". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!