"PCRen datuak izan arte udalak aktibitate guztiak bertan behera utziko ditu eta elkarteei ere aurreikusita zituzten ekintzak atzeratzea eskatuko diegu"

Jone Guenetxea 2020ko urr. 20a, 13:31

13-40 urte arteko 11.000 durangar PCRa egitera deitu ditu udalak. Ima Garrastatxu alkateak baheketa masiboan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Durangon egoeraren inguruan zein irakurketa egiten duzue?
Durango joan zen astean eremu gorrian sartu zen, eta aste honetan Durangaldeko beste herri batzuk ere bai. Horren aurrean, baheketa masiboa egitea oso positiboa da eskualdeko datuak kontuan hartuta. Asintomaktikoak eta kutsatuta egon daitezkeen pertsonak detektatzea oso garrantzitsua da.  

PCRa egitea boluntarioa da. Herritarrak Landako Gunera joatera animatzen dituzue?
Goizean Osakidetzako Durangaldeko arduradunekin egon gara instalazioak ikusten eta prestatzen arratsaldean hasteko. Kolaborazio guztia eskaini diegu. Udaletik bando bat aterako dugu jendea parte hartzera animatu dadin. Ditugun tresna komunikatibo guztiak erabiliko ditugu adin tarte horretan dauden durangar guztiak joan daitezen. 11.000 pertsona inguru dira PCRa egin dezaketenak. 

Udalaren aldetik baheketaz gainera, beste neurririk hartu duzue?
Gure zerbitzuak mantenduko ditugun arren, datu guztiak izan arte aktibitate guztiak bertan behera utziko ditugu. Kultur arloko ekintzak, ikastaroak... Atzeratu egingo ditugu. Elkarteei ere eskatuko diegu aurreikusita zituzten ekintza guztiak atzeratzea". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!