"Ikusi dugu kartzeletan osasun baldintza minimoak ere ez direla betetzen"

Aritz Maldonado 2020ko ira. 1a, 09:34

Koronabirusaren bigarren olatu honetan euskal presoen baldintzak gogortu dituztela salatzeko, kontzentraziora deitu du Sarek eguaztenerako (irailak 2). Ezkurdin izango da mobilizazioa, 20:00etan. 

Miren Erdoiza Durangoko Sareko kidearekin eta Beatriz Antxia senidearekin berba egin du ANBOTOk mobilizazioaren nondik norakoak jakiteko. 

- Zergatik deitu duzue mobilizazioa?

Miren Erdoiza: Espetxeetako egoera okerrera egiten ari dela ikusi dugu, osasun baldintza minimoak ez dira betetzen ari, zigorrak gero eta gogorragoak dira, eta egoera bera ere bai. Saretik hainbat eragile sozialekin batu gara, eta egoera salatzeko premia handia dagoela ikusi genuen. Osasun alerta osteko mobilizazioak arrakastatsuak izan dira, agerikoa da badagoela kezka bat gizartean, eta ostera kalera irtetzea erabaki dugu. Egoera onartezina da. 

- Koronabirusaren bigarren olatu honekin, asko aldatu da egoera?

Beatriz Antxia: Lehena bapatean heldu zen, abisatu bariik. Otsailean joan ginen Oier bisitatzera azkenekoz; bost hilabetez bisitarik barik geratu gara. Lehenegoa, ostera, uztaila amaieran eduki genuen, abuztuan beste bat eduki dugu, eta irailean daukagu hurrengoa. 

M.E.: Espetxe batzutan hasi diren arren, gehiengoak ez du bisitarik jaso. Durangar bat Topasen dago preso (Salamanca, Espainia, Durangotik 425 kilometrora). Beraientzako arnasa hartzea bezalakoa dira bisean biseko horiek. 

B.A.: Txarrena itxaronaldia da, urduritasun hori. Irailaren 18rako bisean bisekoa dugu, baina ez dakigu zer gertatuko den. Izan ere, biseko batzuk bertan behera uzten ari dira.  

- Dispertsioak ez du lagunduko.

B.A.: Hurbileketak egin dituzte, baina Euskal Herrira ez dute inor ekarri. Beti da hobea 800 kilometro barik, gutxiago egitea, baina gauden egoeran egonda... Garaia da presoak Euskal Herrira ekartzeko.  Kalean gaudenok gaizki gaude egoera honekin, baina barruan daudenak are okerrago daude: ez dute segurtasunik ezertarako, dituzten maskarak guk sartu dizkiegu etxetik. Zelako baldintzak dira horiek?

M.E.: Badakigu hainbat kartzeletarako birusa sartu dela, baina ez dago interesik hori publiko egiteko. Euskal presoek beti dituzte zailtasunak mediku-laguntzarako, eta egungo egoeran are gehiago.

Durangoko presoen kasuan, hiru presok motxiladun umeak dituzte, emakumezkoak direlako are zapalduago dauden presoak, kondena luzeak dituzten presoak ditugu... Sufritzen dituztenak ez dira pandemiaren ondorioak, eta guzti honekin amaitzeko beharra dago.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!