Durangoko Udalak komertzio eta negozioentzako ‘Eskola Bonoa’ kanpainarako izen ematea abiatu du

Jone Guenetxea 2020ko uzt. 31a, 11:17

Berraktibazio Planaren barruan, aurten hiru bonu-kanpaina egingo dituzte. Irailekoak 30.000 euroko aurrekontua izango du.

Durangoko Udalak ‘Eskola Bonoa’ bonu-kanpaina martxan jarriko du irailaren 7tik aurrera. Ekimenagaz bat egiteko deia egin die herriko komertzio eta negozioei. "Bonu-kanpaina honen helburua herriko ikasleen ikastetxera bueltan laguntzea eta herriko komertzio txikia babestea izango da",azaldu du udalak prentsa oharrean. Beste kanpainetan bezala, durangarrek 10 euro ordainduko dituzte, eta udalak beste 10 euro eskainiko dizkie.

Lehenik eta behin, komertzioek izena eman beharko dute kanpainan. 65 (655 salbu) eta 97 epigrafeetako jarduerek parte hartu ahal izango dute kanpainan. Izena emateko epea irailaren 3an bukatuko da, eta, horretarako, dokumentazioa HAZen entregatu beharko dute. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da telefono honetara deituz: 639 580 023.

Atxikitako saltokien zerrenda irailaren 4tik 7ra bitartean argitaratuko da, eta, egun horietan saltokiei kartelak banatuko dizkiete. Bonoak kontsumitzeko epea, berriz, irailaren 7tik urriaren 11ra (igandea) izango da.

COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko Berraktibazio Planaren barruan jasota dagoen neurrietako bat da bono-kanpainarena. "Aurreko urteetan kanpaina bakarra egiten bazen Gabonak inguruan, aurten hiru egingo dira. Kaltetu asko utzi digu herrian COVID-19ak, eta horrelako egitasmoek helburu bikoitza dute: alde batetik, ikastetxeko materiala erosteko zailtasunak dituzten familiei laguntzea, eta, bestetik, herriko komertzio eta negozio txikiak babestea", azaldu du udalak. Gaineratu dutenez, Berraktibazio Plana lantzeko "harreman zuzena" izan dute komertziariekin eta herriko ikastetxe guztiekin, eta "norabide horretan" lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!