Ekainaren 22tik zabalik dago Haur Hezkuntzako lehen zikloa. Zelan joan dira lehenengo asteak?
Uxuri Gallastegi: Hasieran beldur orokor bat geneukan, ea zelan funtzionatuko genuen, zelan erantzungo genion honi. Ez genekien prestatzen genbiltzan antolaketa egokia izango zen ala ez. Baina konturatu gara beldur hori handiagoa zela prestaketetan, gero baino. Arduratuta geunden ea umeek eta familiek zelan erantzungo zioten egoera berriari. Behin martxa hartuta, bazoaz aurrera.
Zenbat umegaz zabaldu duzue Haur Hezkuntzako lehen zikloa?
U.G.: Zortzi umegaz. Berez, 115 ume ditugu, baina konfinamendu ostean, zortzi. Egia esan, egoera normalean ere, uztailean ume gutxiago izaten dugu. Gutxitu egiten da ume kopurua, erdia izaten da gutxi gorabehera, ikasturtearen arabera. Ez da 115etik 8ra bajatu garela; egoera normal batean ere, sasoi honetan ume kopurua baxua izaten da.
Cristina Calvo: Normalean, maila guztietan beherakada txiki bat egoten da. Baina ez horrenbestekoa.
Momentu honetan dituzuen umeak familia-profil konkretu batekoak dira?
U.G.: Bai, orain ditugun ume guztiak edo ia guztiak guraso biak lanean dituzten familietako seme-alabak dira. Egia esan, HHko lehen zikloa zabaltzea erabaki genuenean, beharrizan horri erantzutea zen gure asmo nagusia, dekretuan agertzen zen moduan, bagenekien-eta familia batzuek honen premia izango zutela. Hala ere, hasieran batzuek izena eman zuten arren, gero ez dira etorri. Uste dugu batzuei beldurra eman diela horren ume gutxigaz zabaltzeak.
Hainbat neurri hartuta zabaldu duzue.
U.G.: Hala da, bai. Umeak eta umea ekartzera datorrena etxean tenperatura hartuta etortzen dira, eta sarreran prest izaten dituzte eskuak garbitzeko gela eta oinetakoak desinfektatzeko alfonbra txikia. Umea ekartzen duenak maskara ipinita izan behar du momentu oro. Horrez gainera, ezin dute jostailurik ekarri, eta egunean eguneko arropa eta oinetakoak bakarrik ekarri ditzakete.
Guk maskaragaz egon behar dugu denbora guztian, eta amantala egunero eraman behar dugu etxera, aireztatu edo garbitzera. Gelan egoteko, gelarako baino ez diren oinetakoak janzten ditugu. Horrez gainera, umeak ez ditugu batzuk besteekin nahasten. Maila bakoitzekoak euren mailakoekin daude.
C.C.: Eguraldiak laguntzen badu, espazio zabaletan egoteko aprobetxatzen dugu. Bestalde, gelan gauden momentuetan, ume bakoitzari jostailu bat ematen diogu eta erabili eta gero desinfektatu egiten dugu.
Aste batzuk igaro eta gero, zein balorazio egiten duzue?
U.G.: Lasaitasun handia dugu.
C.C.: Ume kopurua oso txikia da, eta balorazioa egitea gatxa da. Hala ere, egoera berri honetara horrela egokitzea luxu bat da.
Aste hauek baliogarriak dira datorren kurtsorako martxa hartzeko?
U.G.: Entsegu txiki bat dela esango nuke. Zabaltzeko prestaketetan ibili ginenean, beldurra askoz ere handiagoa zen; ezjakintasun puntu bat genuen. Baina, behin martxan ipintzen zarenean, ikusten duzu zelan egin behar dituzun gauzak. Dena dela, irailean izango dugun eszenatokia askoz ere konplexuagoa izango da, ikastolan ikasle guztiak izango ditugu eta. Osasun eta segurtasun jarraibideak antolatzea eta kuadeatzea izango da hurrengo erronka.
C.C.: Une honetan dugun ume kopuruak ez digu datu zehatzik ematen irailean zelan egongo garen jakiteko. Hala ere, laguntzen digu irailean topatu ditzakegun arazoak zeintzuk diren jakiten. Baita normalitate berriko neurrietara egokitzen ere.