Hauteskundeak 2020

Osasun sistema publikoaren garrantzia nabarmendu du Miren Gorrotxategik Durangon egindako ekitaldian

Anboto 2020ko eka. 28a, 11:07

Ahal Duguk ekitaldia egin du gaur goizean Durangon, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina hasi berritan. Gorrotxategi Ahal Duguko lehendakarigaiak langile publikoen eskubideen aldeko deia egin du, batez ere, osasun arlokoena. Durangaldeko herritarren "konpromiso soziala" ere nabarmendu gura izan du. 

Durangaldean 24 orduko pediatria zerbitzuaren aldeko eta Durangoko herri galdeketaren aldeko kanpainak ekarri du gogora, baita ere. "Osasun langileei txalo egitea ez da nahikoa. Osasun sistema publikoa blindatu egin behar da aurrekontuetan, eta langile kopurua handitzea ere beharrezkoa da" defendatu du Miren Gorrotxategik. Ekitaldian Julian Rios Durangoko alkateordea ere egon da, besteak beste. 

Ahal Duguk langileen aldeko politikak egingo dituela agindu du, eta "ezkerreko gobernu zabala" proposatu du. Iñigo Urkullu Lehendakariak berriki eginiko adierazpen batzuk ere gogoratu dituzte ekitaldian. "Zer esan gura du Urkulluk langile publikoak solidarioak izatea eskatzen duenean?". Amaitzeko, uztailaren 12an Elkarrekin Podemos bozkatzera animatu ditu bertaratuak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!