Kobaneko alkate ohiaren eta bertako mugimendu feministako bi kideren hilketa salatu du Suargik

Anboto 2020ko eka. 26a, 20:18

Kobane herriarekin elkartasuna lantzen duen Durangoko Suargi elkarteak salatu du gertaera. Joan den ekainaren 23an Turkiako drone batek Kobaneko eskualdean bonbardaketa egin eta hiru emakume kurdu hil zituen: Hebun Mele Xelil, Zehra Berkel eta Emine Veysi.

Durangoko Udalak Kobaneko Emakumeen Akademia proiketuaren finantziazioan lagundu zuen. Hain zuzen ere, Zehra Berkel bertako arduradunetako bat zen, eta 2018an Suargiko kideek Kobanera egindako bisitan elkar ezagutu zuten. Elkartearen arabera Zehra Berkelen hilketa "hotz eta kalkulatuak" Turkiak emakume kurduen mugimendua "jopuntuan duela" erakusten du. "Zehra Berkel ezaguna zen Kobanen alkatea izateagatik, bere etengabeko jardunagatik emakumeen esparruan, eta hizlari aparta izateagatik. Hirian egiten ziren manifestazioetan hitza hartzeko ohitura zuen". Berkel eta beste bi kideak omendu gura izan ditu Suargik, eta Kobanen egindako lana aldarrikatu gura izan dute. Horrez gainera, Kobane eta Durango lotzen dituen senidetasun akordioa ere gogoratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!