Azken egunetako pintaketak “ez gaitzestea” leporatu dio Durangoko EAJk EH Bilduri

Anboto 2020ko mai. 27a, 21:03

Alderdi politikoen egoitzen aurkako “erasoak kondenatzea” eskatu du EAJk gaur Durangon egindako osoko bilkuran. “Berben semantikari” lotutako “eztabaida antzu” bat abiatu gura izatea leporatu dio EH Bilduk. Talde subiranistak “minaren aitortza” egiten duela, eta horren erreparazioa beste bide batzuekin landu behar dela gaineratu du. PSE-EEk ez du azken egunetako pintaketen inguruko arbuio-testurik eraman osoko bilkurara. Ezta Herriaren Eskubideak ere.

Udal ordezkariek osoko bilkura egin dute gaur Durangon, koronabirusak baldintzatutako lehenengoa. Besteak beste, azken egunetan alderdi politikoen egoitzen aurka egindako pintaketak izan dituzte eztabaida-iturri. EAJk adierazi du egunak daramatzala gainontzenko alderdiekin adierazpen instituzional bateratu bat lortzeko ahaleginetan. “Baina emaitza beti izan da bera. EH Bilduk ez ditu erasoak gaitzetsi gura” azaldu du EAJk.

Osoko bilkuraren amaieran, galdera-erreguen txanda ailegatu denean, adierazpen bat irakurri du Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak. Batzokien zein beste alderdi politikoen egoitzen aurkako pintaketak kondenatu zitezela eskatu du besteak beste. 

EH Bilduk “harrituta” hartu du jeltzaleen adierazpena. Aritz Bravo zinegotziak esan duenez, atzo lau alderdien artean bilera bat egin zuten, eta bertan adostu zuten pintaketen gaia osoko bilkuran ez lantzea. “Atzo EAJk eta PSE-EEk sinatutako adierazpen-proposamena albo batera uztea adostu genuen. Ez dugu ulertzen gaur zergatik ipini duen  EAJk adierazpen hori mahai gainean”, esan du Bravok. 

Ekintzak gaitzesteko beharra defendatu du Elkoroiribek. Bravok sufrimendua baino eragiten ez duen gaiarekin eztabaida antzuak abiatzea leporatu dio. Gaineratu du talde subiranistak “minaren aitortza” egiten duela eta horren erreparazioa beste bide batzuetatik landu beharreko zerbait dela.

Jessica Ruiz bozeramaile sozialistak onartu du adierazpena osoko bilkuran ez lantzea onartu zutela atzo. Gertakarien larritasunari garrantziarik kendu barik, eztabaida ekiditea gurago izan duela azaldu du. 

Herriaren Eskubidea taldeko Julian Riosek elkarbizitzaren eta bizikidetzaren aldeko lana markatu du aurrera egiteko bide modura. “Eskubide guztien alde gaude, eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean”, esan du. Ima Garrastatxu alkateak bere egin ditu berbak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!