2015ean mingaineko minbizia topatu ziotenetik Gorka Fraile preso durangarra gaixotasun larriak dituzten presoen zerrendan dago. 2020ko urtarrilean hirugarren gradua eman zioten. Senitartekoek ANBOTOri baieztatu diotenez, baldintzapeko askatasuna eman diotela jakinarazi diote presoaren abokatuari. Orain, jakinarazpen ofizialaren zain daudela gaineratu dute. Atxilotu zutela 22 urte betetzen diren egunean jakinarazi diote baldintzapeko askatasunaren berria.
Gorka Frailek 20 urte eman zituen lehenengo graduan, Aranjuezen, Caceresen eta Badajozen. 2015ean mingaineko minbizia topatu zioten, eta horregatik etxeratzeko eskatu izan du berak epaitegietan, eta bere ingurukoek ere bai kaleetan. 2018ko azaroan Badajozeko kartzelatik Kantabrian dagoen El Duesoko kartzelara gerturatu zuten. 2020ko urtarrilaren hasieran hirugarren gradua eman zioten.
Koronabirusaren krisiaren hasieran, hirugarren graduan zegoela, kartzelara joaten zen lo egitera. Ondoren, konfinamenduan bere etxean gelditzeko baimena eman zioten. Orain, baldintzapeko askatasuna jaso du.