Durangoko Euskaraldiak bilera irekia egingo du urtarrilaren 28an, Pinondon

Anboto 2020ko urt. 20a, 17:15

2020ko Euskaraldiaren inguruko azalpenak emateko eta Durangoko batzordea martxan ipintzeko deitu dute batzarra. 

2020an Euskaraldia dator berriro ere, kasu honetan azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean. Aurtengoa baina, ez dela 2018koa modukoa izango gogoratu du Euskaraldiko batzordeak. "Hasteko, 11 egunetik 15 eguneko ariketa soziala izatera pasako da. Baina ez da hau aldaketa nagusia: aurtengo Euskaraldian ez dute soilik norbanakoek parte hartuko, entitateek ere hartuko dute parte". Entitateak izan daitezke, herriko elkarte, enpresa txiki, enpresa handi eta bestelako taldeak. 

Hau guztia antolatzeko, urtarrilaren 28an, martitzena, 19:00etan bilera irekia egingo dute, datorrenaren azalpen zehatzagoak eman eta Euskaraldiko Durangoko batzordea martxan ipintzeko. 

Honenbestez, laguntza eskaini edo parte hartzeko prest dauden Durangarrak gonbidatu dituzte bilera honetara, aurtengo Euskaraldirako batzordea osatu eta hau ahalik eta emankorrena izan dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!