“Jaien antolakuntzan dabiltzan eragileei laguntza eskaintzen diegu, denon artean datu hauek aldatzeko”

Jone Guenetxea 2019ko urr. 31a, 09:30

Azken urteetan San Fausto jaietako ekimenetan euskarak izandako presentziak kezka piztu du Berbaro elkartean. Egoera aztertu guran, amaitu berri diren jaietan programatu eta eskaini den egitaraua zein hizkuntzatan egin den aztertzea beharrezkotzat jo dute. Horretarako, Donostiako Bagera elkarteak Aste Nagusian egiten duen hizkuntzaren neurketa hartu dute abiapuntu Berbaroko kideek. Donostiarren metodologian eta egiteko moduan oinarrituta, jaietan hizkuntzaren neurketa egin dute.

Neurtu diren 91 ekintzetatik, 37 erdaraz izan dira, 32 euskaraz, eta 22 ele bitan. Ehunekoetan, %41 erdaraz programatu da, %35 euskaraz, eta %24 ele bitan.

Emaitzak aztertuz gero, deigarria da helduei eta umeei zuzendutako ekitaldietan euskararen erabileran dagoen aldea. Helduen ekintzetan %38 euskaraz izan da, %37 erdaraz, eta %25 ele bitan. Umeen kasuan, %50 erdaraz izan da, %29 euskaraz, eta %23 ele bitan. Beraz, umeek kontsumitzen dituzten ekintzetan ekitaldi gehiago egin dira erdaraz euskaraz baino. "Bereziki esanguratsua da umeei zuzenduta egindako ekintzarik gehienak erdara hutsez izatea gehien bat, eta helduei zuzendutakoak baino askoz gehiago izatea", azaldu du Amaia Ugalde Berbaroko langileak. Datu hauek ez datozela bat Durangoko hizkuntza ulermen datuekin gogoratu dute. Izan ere, EUSTATek egindako azken inkestaren arabera, Durangoko biztanleen %73 euskara ulertzeko gai da, eta umeen kasuan, %97.

Neurketen lagina eta metodologia
San Faustoetako asteburu bietan programaturiko ekintzarik gehienak neurtzen ahalegindu dira. "Orokorrean, ekimenik jendetsuenak neurtu ditugu, guztiei garrantzi berdina eman diegu, partaide kopurua neurketatik kanpora utzita", azaldu du Markel Sanchez Berbaroko zuzendariak. Guztira, 91 ekintza behatu dituzte. Hizkuntza duten jarduerak baino ez dituzte kontuan hartu. Ekintza bera parte hartzekoa izan bada, ez da partaideen hizkuntza erabilera neurtu, soilik antolatzaileena eta dinamizatzaileena. Bestalde, ekintza bat uneoro martxan egon bada (barrakak, adibidez), egunean behin egin izan balitz moduan kontuan hartu dute.

Ekintza bat neurtzerakoan, aurkezpena, ekintza, dinamizazioa eta euskarriak kontuan hartu dituzte. Lau elementu hauek ardatz hartuta, ekintzak, orokorrean, euskaraz, erdaraz edo ele bitan izan diren ondorioztatu dute.

Txosna Batzordea
Beste datu adierazgarri bat Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak antolaturiko ekitaldien artean hizkuntzaren erabileran dagoen aldea da. Txosna batzordeak antolaturiko programazioaren %71 euskaraz izan da, %21 erdaraz eta %8 ele bitan. Jai batzordeak antolaturiko ekitaldien kasuan, ostera, %25 euskaraz izan da, %42 erdaraz, eta %33 ele bitan.

Ekitaldiak arloka ere banatu dituzte hizkuntzaren neurketa egiteko. Helduen kasuan, musikaren erdia erdaraz izan da. %31 euskaraz, eta %19 ele bitan. Antzerkiari dagokionez, antzezlan bi kontratatu dira eta biak erdaraz izan dira. Kiroletan ere nabarmena da erdararen erabilera: %75. Lehiaketen kasuan, %50 erdaraz izan dira, eta %50 ele bitan.

Barraken guneak hainbat ume eta gazte erakartzen ditu. Han aztertutakoaren arabera, %100 erdaraz izan da. Neurketa egin den 7 egunetatik 7etan gunea erdaraz izan da.

Ondorioak ateratzen
"Argazki hau atera dugu datorren urteko edo hurrengo urteetako jaiei begira datuok hobetze aldera ahalik eta euskarazko programazio zabalena egiteko". Berbaro elkarteak dioenez, datu hauek "iraultzeko" unea da. "Datuok eskaini gura izan ditugu egoera zein den ikusi, hausnartu eta denon artean aldatzeko. Jai egitaraua prestatzea ez dela erraza badakitela diote elkartetik, baina datu hauek ez direla onargarriak. "Bereziki larria da umeei zuzendutako ekintzen hizkuntza eskaintza", dio Sanchesek. Helburua ulermen datuetara heltzea izan beharko litzatekeela diote elkartekoek.

Kasu askotan, egoerak konponbide erraza duela gogoratu dute: aurkezle edo dinamizatzaile euskaldunak eskatzea, itzulpen zerbitzuak eskaintzea, euskal musika eskaintzea barraka edo ekintzetan ipintzeko, eta abar.

Jaiak gozamenagaz loturiko egunak dira, eta herritar guztiek euskaraz gozatzeko aukera izatea inportantea dela dio Ugaldek. "Behatzen egon garen ekitaldi batzuk euskaraz izan dira eta euskara ez dakien jendeak ere parte hartu du, arazorik barik", gogoratu du Sanchezek.

Elkarlanerako deia
Txosten honen helburua ez dela inor seinalatzea edo delatatzea argitu dute Berbaroko ordezkariek. Egoera zein den aztertu eta konponbideak mahai gainean ipini gura dituzte. "Jaien antolakuntzan dabiltzan eragileei laguntza eskaintzen diegu, edozertan laguntasuna behar izanez gero gugana jotzeko, denon artean datu hauek aldatzeko", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!