Jaietan neurtu dituzten 91 ekintzetatik, 37 izan dira erdaraz, 32 euskaraz eta 22 elebitan. Ehunekoetan, %41 erdaraz programatu da, %35 euskaraz eta %24 elebitan.
Emaitzak aztertuz gero, deigarria da helduei eta umeei zuzendutako ekitaldietan euskararen erabileran dagoen aldea. Helduen ekintzetan %38 izan da euskaraz, %37 erdaraz eta %25 elebitan. Umeen kasuan, %50 izan da erdaraz, %27 euskaraz eta %23 elebitan. Datu hauek ez datozela bat Durangoko hizkuntza ulermen datuekin gogoratu dute euskara elkartetik. Izan ere, EUSTATek egindako azken inkestaren arabera, Durangoko biztanleen %73a euskara ulertzeko gai da, eta umeen kasuan %97a.
Beste datu adierazgarri bat Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak antolatutako ekitaldien artean hizkuntzaren erabileran dagoen aldea da. Txosna batzordeak antolatutako programazioaren %71 euskara hutsez izan da. Jai batzordeak berriz, ekitaldien %25 antolatu du euskara hutsez.
Berbarok dioenez, datu hauek "iraultzeko" garaia da. "Datu hauek eskaini nahi ditugu egoera zein den ikusi eta denon artean jaiei buelta bat emateko", diote euskara elkartetik. Txosten honen helburua ez dela inor seinalatzea edo salatzea azpimarratu du Berbarok. "Eskua luzatzen diegu jaien antolakuntzan dabiltzan eragileei edozertan laguntza behar badute gugana jotzeko".
Neurketaren txostena bere webgunean jarri du Berbarok (berbaro.eus).