Durangoko Txosnak 2019: Bidea urratzen

“Ez zizte akitzen [beti] abesti bera entzuten?”. Willis Drummondek esana, 2012an.

Posible da, noski, gaztaroa markaturiko 80.hamarkada loriatsuan aingura bota eta bertatik ez mugitu gura izatea. Posible da, baina, doinu berriagoak ezagutzeko kuriositatea edukitzea, baita ere. Balantza orekatu guran, doinu/talde berriagoei jaiguneko bozgorailuak eta oholtza eskaintzen dihardu durangoko txosnaguneak.

Urteroko zeregin bilakatu asmoz, hemen txosnagunean egongo diren proposamen interesgarrietako batzuri buruzko lau lerro (guztiz subjetiboa, noski):

1.-Adrenalized

Sasoiko datoz Adrenalized donostiarrak Durangora, irailean Berri Txarrakegaz Japonen bira egin ostean. Propagandhiren eskolakoak, beraien zuzenekoaz gozatu itzela hartuko dute punk eta hardcore doinu bizkorren eta teknikoen zaleek. 

Urriak 11, barikua, Desorden eta Tribade taldeegaz.

2.- IRA

Uda osoa taula gainean igaro du talde madrildarrak, baita ere. Otsailean ere Durangon egon ziren, 40 Minutu Rock jaialdian. Orduan ikusi ez zituztenek aukera ona izango dute jaietan madrildar hauen errima eta taularatze basatiaz gozatzeko.

Urriak 18, zapatua, Liher, Azken Sustraiak eta Klag Klub taldeegaz batera.

3.- El_Txef_A

Luxua da El_Txef_A ezizenagaz ezagunagoa den Aitor Etxebarria gernikarra Durangoko txosnagunean pintxatzen edukitzea. Ezinezkoa etiketa zehatzetan sailkatzea; hobe Landakora hurbiltzea, belarriak ireki eta aldakak dantzan jartzea. 

Urriak 12, zapatua, Duplagaz.

4.- Liher

‘Tenpluak erre’ biraren baitan ikusteko azken aukeretakoa izango da Durangokoa. Euskal Herriko hamaika plazatan aritu dira uda osoan zehar, beraz, errodajea eginda iritsiko dira hauek ere Landako inguruetara. Orain bi urte Sorginolan jo zutenetik, izugarri hazi da taldea.

Urriak 18, barikua, IRA, Azken Sustraiak eta Klag Klub taldeegaz batera.

5.- Gora Etorri

Paella txapelketaren, erreka jaitsieraren eta poteotxoaren ostean etxera ez gara joango, ezta? Hona hemen Gora Etorri, jogurt saltsa darion kebapa eskuartean dantzan egiteko soinu banda perfektua. Agroteknoagaz, egunsentira arte!

Urriak 13, domeka, Mice, Ganorabakuek eta Mocker´s taldeegaz batera.

p.s.:

"Erreferentziak jainko bihurtu ditugu. Jainkoen parean betikoa egiten dugu : imitatzea ta kopiatzea baizik ez dugu helburu.
Hil ditzagun gure jainkoak ez du haien beharrik musikak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!