Hondakin guneen kokapenaren harira, Olleria, Juan Mari Altuna eta Montevideo kaleetakoek eragin dute kexarik gehien

Joseba Derteano 2019ko ira. 12a, 18:05

Udalak Durangoko hondakin gune berrien gaineko azalpenak eman zituen eguaztenean Elkartegian egindako batzarrean

 

Abuztuan Durangoko edukiontzien banaketa birmoldatu dute eta horrek kexak eragin ditu. Horregatik, udaleko arduradunek herri batzarra egin zuten eguaztenean, azalpenak eman eta herritarren ekarpenak jasotzeko. 50 bat herritar batu ziren Elkartegian egindako bileran. Norbanakoez gainera, auzo elkarteetako hainbat ordezkari bertaratu ziren, Madalena, Herria eta Durangoko Alde Zaharrekoak, esaterako.

Batzar "aberasgarria" izan zela baloratu du Aritz Bravo udaleko Lurralde Saileko arduradunak. Besteak beste, berak eman zituen azalpenak batzarrean. "Beharbada herritar batzuek ez dute kexak idatziz bidaltzeko ohiturarik izango eta batzarrean hainbat profiletako kexak jasotzeko aukera izan genuen", azaldu du.

Herritarren kexa asko eremu konkretu batean kokatu ziren: Olleria, Juan Mari Altuna eta Montevideo kaleek osatzen duten nukleoan. Eremu horretan hondakin gune asko kontzentratzen direla da arazoa. Bravoren esanetan, zonalde hartako hondakin guneen kontzentrazioa "arintzeko" eta guneak "birkokatzeko" irtenbideak aztertzen dabiltza.

Alde Zaharreko ekarpenak

Beste kexa batzuk Alde Zaharreko bizilagunen aldetik heldu ziren, Kanpatorrosteta eta Komentukale inguruko bizilagunen partetik, hain zuzen ere. Udalak proiektu bat du Alde Zaharreko edukiontzien kudeaketa sistema moldatzeko eta gaur egungo egoera hobetzeko. Birziklapen gune konpletoak sortuko dituzte. Hau da, egitura bakar eta handi batek edukiontzi mota guztiak barneratuko ditu eta iluntzeetan ipini eta goizetan kenduko dituzte. "Laster herri batzar bat egingo dugu hango auzotarrekin, sistemaren funtzionamendua azaltzeko eta gune horien kokapenik aproposenak herritarrekin batera pentsatzeko", aurreratu du Bravok. Herri batzarra egin, eta hurrengo goizean hasi ziren udal arduradunak kexak aztertzen. Batzuk kasu puntualak direla eta "irtenbide erraza" dutela dio Bravok. Beste batzuei irtenbidea aurkitzea zailagoa izango dela onartu du. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!