Nola eragiten digu Turkiaren erasoak Siria iparraldean?

AlaitzBerriozabalgoitia 2019ko ira. 3a, 13:51

Siria Iparraldean, Rojava izenez ezagutua den eskualdean, esperantza berri bat sortzen ari da. Antzina Mesopotamia izenez ezagutua den eskualdeko zati txiki batean, Tigris eta Eufrates ibaien artean kokatzen den lur eremu ttipi horretan, mundu osoan eredugarria den Emakumeen Iraultza aurrera eramaten dabiltza. Horrela Konfederalismo Demokratikoa deritzon proiektu politikoa jarri dute abian. Proiektu politiko hau hiru aspektutan oinarritzen da; Demokrazioa Zuzena, Ekologia eta Emakumearen Askatasuna. Ez zaituztet engainatuko, nahiz eta Rojavan egon nik ere zailtasunak ditut sistema berri hau ongi ulertzeko. Izan ere, munduan ez dago sistema hau jarraitzen duen beste herrialderik.

Baina zer ikusi dauka Rojavak, Durangok eta Turkiak? Ba asko.

Durango eta Kobanê 2017. urteko martxoan senidetu ziren. Izan ere bi herri hauek iragan latz bat dute komunean: 1937. urtean faxistek Durango bonbardatu zuten. 2014. urtean aldiz, beste faxista batzuk, DAEX izenez ezagutua, Kobanê bonbardatu zuten. Baina senidetza hau ez da soilik paper hutsean geratu. Elkartasuna, bere osotasunean, praktikatzen duen senidetza bat da. SUARGI Gobernuz Kanpoko Erakundea, senidetzarekin Durango eta Kobanê artean sortu diren zubiak indartzeko helburuarekin sortu zen. Baldintza oso konkretu batekin; eratzen diren zubi guztiak genero ikuspegia, hots, feministak izan behar dira. Durangoko emakumeen eta Kobanêko (Rojava) emakumeen arteko ahizpatasuna sortuz. Horretarako Durangon Andragunea daukagu Kobanen, ᶊîlan Emakumeen Akademia daukaten bitartean non, gure elkarteak Durangoko Udalarekin duen hitzarmenaren bidez altzariz hornitzen lagundu duen.

Esan bezala, 2014. urtean DAEX-ek Kobanê erasotu zuen. Mundu osoan ezaguna izan zen bataila honetan emakumeak protagonista izan ziren. 6 hile iraun zuen bataila oso latza izan zen, Kobanê-ko % 80a suntsituta geratu zelarik, milaka hildakoekin eta 400.000 gora desplazatuekin. Eta ez hori bakarrik, ordura arte emakumeek zituzten eskubide apurrak DAEX-ek arriskuan jartzen zituen. Mehatxu honi aurre egiteko asko izan ziren armak hartu zituzten emakumeak eta momentu horretan, mundu osoan emakumeen autodefentsa feminista ikusgarria eta legitimoa bilakatu zen (momentu batean legitimoa izan ez bada). YPJ-k, emakumeen miliziak, oso famatuak bihurtu ziren mundu osoan zehar. Eta noski, patriarkatuari men eginez, hainbat hedabide emakume hauek objektualizatzen hasi ziren, mendebaldeko gizon heterocis-en sexu fantasia nazkagarrien protagonista bihurtuz. Baina mentalitate matxistari ez zitzaizkion batere ondo atera eraso hauek. Izan ere, Kobanê-ren batailaren ondoren emakumeek eskubide gehiago irabazi dituzte (ditugu) eta indartsuagoak bilakatu dira (gara). Bai, gu ere bai. Emakume hauek gauzak lortu daitezkeela erakutsi digute. Nahiz eta egoera oso gaizki egon, emakumeok beti borrokatu behar dugu gure askatasunaren eta eskubideen alde. Eta oso lezio garrantzitsua irakatsi digute: “Emakume guztiok etsai komuna daukagu, mentalitate matxista, eta honi aurre egiteko batera egon behar gara batera indartsuagoak baikara”.

Baina yihadisten mehatxua ez zen hor bukatu, oraindik Rojava hegoaldean DAEX-en aurka borrokatzen zenbiltzan pasaden urtean Turkiak Afrin (Kobane mendebaldean dagoen Rojavako kantoi/probintzia) inbaditu zuenean. Afrin, Inanna jainkosaren sorlekua da eta errefuxiatu askoren babeslekua zen. Bertan, Konfederalismo Demokratikoaren proiektua ere aurrera zihoan; emakumeen parte-hartzea gizartean eta politikan, emakumeen askatasuna, etabar. Horregatik, Turkiako erasoaren aurrean Kongreya Star (Siriako Emakume Mugimendu Nagusiena) nazioarteko elkartasun olatu batera deitu gintuen Women Rise Up For Afrin (Emakumeok altxa gaitezen Afrinen alde) lelopean. Durangon, senidetzari men eginez, elkartasun ekintza bat burutu genuen eta bideoa Rojavako gure ahizpei bidali genien Martxoaren 8rako. Gainera, Durangoko Udalak inbasioaren aurkako adierazpen instituzionala kaleratu zuen eta Rojavako, YPJ-ko eta YPG-ko banderak jarri zituen udaletxeko balkoian elkartasun modura.

Turkiak Afrin yihadisten bidez erasotu eta inbaditu zuen, giza eskubide ugari bortxatuz. Orain, tramankulu berberak erabili nahi ditu Rojava osoa inbaditzeko. Izan ere, Erdoganentzako Siria Iparraldeko Federazio Demokratikoa oztopo bat da bere helburu inperialista eta patriarkalentzat. Turkiaren eraso honek emakumeek lortutako eskubide guztiak bertan behera botako lituzke, galduko diren bizitzez gain. Gainera, gaur egun DAEX-eko 70.000 presotik gora daude Rojavako atxilo-eremuetan. Turkiak yihadisten bidez Rojava erasotzen badu, guzti hauek, ziur asko, libre geratuko lirateke.

Nahiz eta Turkiak eta Estatu Batuek 5 km-ko babes-eremuko akordioa sinatu duten, guztiok dakigu Turkiako inbasioa denbora kontua dela bakarrik. Eraso honekin Durango eta Kobanê-ren arteko senidetza kolokan jarriko lirateke. Emakumeok, Rojavan irabazitako askatasuna eta eskubideak galduko genituzke. Gure ahizpa askok bizia galduko lukete. Eta bizia galtzen ez dutenek hilda egon nahiko lukete.

Irailaren 6an eta 7an Turkiako erasoaren aurkako nazioarteko elkartasun olatuan parte- hartzeko deialdia egin digute Rojavatik. Rise Up For Rojava (altxa gaitezen Rojavaren alde) eta “Women Defend Rojava” (Emakumeok Rojava defenda dezagun) leloak erabiliko dira.

Twitterren #RiseUp4Rojava eta #WomenDefendRojava traolen bidez elkartasun mezuak bidaliko dira Rojavara. Durango ere lelo horiekin apainduko dugu.

Rojavako gure ahizpek laguntza eskatzen digute, elkartasun mezuak eskatzen dizkigute. Mari jainkosaren alabok Inanna jainkosaren alaben bizitza eta lurraldea defenda dezagun. Gure ahizpak laguntzeko ordua heldu da.

Emakume bat erasotua bada, emakume guztiak erasotuak gara.

Jin, Jiyan, Azadî - Emakumea, Bizitza, Askatasuna -

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!