Nola eragiten digu Turkiaren erasoak Siria iparraldean?

AlaitzBerriozabalgoitia 2019ko ira. 3a, 15:00

Siria Iparraldean, Rojava izenez ezagutua den eskualdean, esperantza berri bat sortzen ari da. Antzina Mesopotamia izenez ezagutua den eskualdeko zati txiki batean, Tigris eta Eufrates ibaien artean kokatzen den lur eremu ttipi horretan, mundu osoan eredugarria den Emakumeen Iraultza aurrera eramaten dabiltza. Horrela Konfederalismo Demokratikoa deritzon proiektu politikoa jarri dute abian. Proiektu politiko hau hiru aspektutan oinarritzen da; Demokrazioa Zuzena, Ekologia eta Emakumearen Askatasuna. Ez zaituztet engainatuko, nahiz eta Rojavan egon nik ere zailtasunak ditut sistema berri hau ongi ulertzeko. Izan ere, munduan ez dago sistema hau jarraitzen duen beste herrialderik.

Baina zer ikusi dauka Rojavak, Durangok eta Turkiak? Ba asko.

Durango eta Kobanê 2017. urteko martxoan senidetu ziren. Izan ere bi herri hauek iragan latz
bat dute komunean: 1937. urtean faxistek Durango bonbardatu zuten. 2014. urtean aldiz,
beste faxista batzuk, DAEX izenez ezagutua, Kobanê bonbardatu zuten. Baina senidetza hau ez
da soilik paper hutsean geratu. Elkartasuna, bere osotasunean, praktikatzen duen senidetza
bat da. SUARGI Gobernuz Kanpoko Erakundea, senidetzarekin Durango eta Kobanê artean
sortu diren zubiak indartzeko helburuarekin sortu zen. Baldintza oso konkretu batekin; eratzen
diren zubi guztiak genero ikuspegia, hots, feministak izan behar dira. Durangoko emakumeen
eta Kobanêko (Rojava) emakumeen arteko ahizpatasuna sortuz. Horretarako Durangon
Andragunea daukagu Kobanen, ᶊîlan Emakumeen Akademia daukaten bitartean non, gure
elkarteak Durangoko udalarekin duen hitzarmenaren bidez altzariz hornitzen lagundu duen.

Esan bezala, 2014. urtean DAEX-ek Kobanê erasotu zuen. Mundu osoan ezaguna izan zen
bataila honetan emakumeak protagonista izan ziren. 6 hile iraun zuen bataila oso latza izan
zen, Kobanê-ko % 80a suntsituta geratu zelarik, milaka hildakoekin eta 400.000 gora
desplazatuekin. Eta ez hori bakarrik, ordu arte emakumeek zituzten eskubide apurrak DAEX-ek
arriskuan jartzen zituen. Mehatxu honi aurre egiteko asko izan ziren armak hartu zituzten
emakumeak eta momentu horretan, mundu osoan emakumeen autodefentsa feminista
ikusgarria eta legitimoa bilakatu zen (momentu batean legitimoa izan ez bada). YPJ-k,
emakumeen miliziak, oso famatuak bihurtu ziren mundu osoan zehar. Eta noski, patriarkatuari
men eginez, hainbat hedabideek emakume hauek objektualizatzen hasi ziren, mendebaldeko
gizon heterocis-en sexu fantasia nazkagarrien protagonista bihurtuz. Baina mentalitate
matxistari ez zitzaion batere ondo atera eraso hauek. Izan ere, Kobanê-ren batailaren ondoren
emakumeek eskubide gehiago irabazi dituzte (ditugu) eta indartsuagoak bilakatu dira (gara).
Bai, gu ere. Emakume hauek gauzak lortu daitezkeela erakutsi digute. Nahiz eta egoera oso
gaizki egon, emakumeok beti borrokatu behar dugu gure askatasunaren eta eskubideen alde.
Eta oso lezio garrantzitsua irakatsi digute: “emakume guztiok etsai komuna daukagu,
mentalitate matxista, eta honi aurre egiteko batera egon behar gara batera indartsuagoak
baitara”.

Baina yihadisten mehatxua ez zen hor bukatu, oraindik Rojava hegoaldean DAEX-en aurka
borrokatzen zenbiltzan pasaden urtean Turkiak Afrin (Kobane mendebaldean dagoen Rojavako
kantoi/probintzia) inbaditu zuenean. Afrin, Inanna jainkosaren sorlekua da eta errefuxiatu
askoren babeslekua zen. Bertan, Konfederalismo Demokratikoaren proiektua ere aurrera
zioan; emakumeen parte-hartzea gizartean eta politikan, emakumeen askatasuna, etbr.
Horregatik, Turkiako erasoaren aurrean Kongreya Star (Siriako Emakume Mugimendu
Nagusiena) nazioarteko elkartasun olatu batera deitu gintuen “Women Rise Up For Afrin”
(Emakumeok altxa gaitezen Afrinen alde) lelopean. Durangon, senidetzari men eginez,
elkartasun ekintza bat burutu genuen eta bideoa Rojavako gure ahizpei bidali genien
Martxoaren 8rako. Gainera, Durangoko Udalak inbasioaren aurkako adierazpen instituzionala
kaleratu zuen eta Rojavako, YPJ-ko eta YPG-ko banderak jarri zituen udaletxeko balkoian
elkartasun modura.

Turkiak Afrin yihadisten bidez erasotu eta inbaditu zuen, giza eskubide ugari bortxatuz. Orain,
tramankulu berberak erabili nahi ditu Rojava osoa inbaditzeko. Izan ere, Erdoganentzako Siria
Iparraldeko Federazio Demokratikoa oztopo bat da bere helburu inperialista eta
patriarkalentzat. Turkiaren eraso honek emakumeek lortutako eskubide guztiak bertan behera
botako lituzke, galduko diren bizitzez gain. Gainera, gaur egun DAEX-eko 70.000 presotik gora
daude Rojavako atxilo-eremuetan. Turkiak yihadisten bidez Rojava erasotzen badu, guzti
hauek, ziur asko, libre geratuko lirateke.

Nahiz eta Turkiak eta Estatu Batuek 5km-ko babes-eremuko akordioa sinatu duten, guztiok
dakigu Turkiako inbasioa denbora kontua dela bakarrik. Eraso honekin Durango eta Kobanê-
ren arteko senidetza kolokan jarriko lirateke. Emakumeok, Rojavan irabazitako askatasuna eta
eskubideak galduko genituzke. Gure ahizpa askok bizia galduko lukete. Eta bizia galtzen ez
dutenek hilda egon nahiko lukete.

Irailaren 6an eta 7an Turkiako erasoaren aurkako nazioarteko elkartasun olatuan parte-
hartzeko deialdia egin digute Rojavatik. “Rise Up For Rojava” (altxa gaitezen Rojavaren alde)
eta “Women Defend Rojava” (Emakumeok Rojava defenda dezagun) leloak erabiliko dira.
Twitterren #RiseUp4Rojava eta #WomenDefendRojava traolen bidez elkartasun mezuak
bidaliko dira Rojavara. Durango ere lelo horiekin apainduko dugu.

Rojavako gure ahizpek laguntza eskatzen digute, elkartasun mezuak eskatzen dizkigute. Mari
jainkosaren alabok Inanna jainkosaren alaben bizitza eta lurraldea defenda dezagun. Gure
ahizpak laguntzeko ordua heldu da.

Emakume bat erasotua bada, emakume guztiak erasotuak gara.

Jin, Jiyan, Azadî - Emakumea, Bizitza, Askatasuna -

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!