"Eskola porrotaren ondoren, gazte horiek ikasketetara bueltatu ahal izatea da helburu nagusia", azaldu du Carmen Mugica behin-behineko zuzendariak. Baina legeak aldaketa garrantzitsu bat dakar, eta datorren ikasturtetik aurrera, adin muga kenduko dute. Beraz, 17 urtetik gora eduki eta bigarren hezkuntzako titulurik ez dutenek ere izango dute Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasteko aukera.
Urte biko ziklo hau beteta, ikasleek erdi mailako gradu baterako sarbidea lortu dezakete. Mujikak dioenez, Iurretako institutua da euren erreferentzia zentroa, eta harek eskaintzen ditu tituluak. Ikasleekin lan egiteko "modu pertsonalizatua" garatzen dutela esan du zuzendariak, beharrizanen araberakoa, eta horrek lorpenak dakartzala. Aurten, 30 lagunek atera dute Oinarrizko Lanbide Heziketa titulua, eta horietatik 14k DBHkoa ere lortu dute.
Durangoko Udalaren eskumeneko zentroa da, Hezkunta Sailak babestua, eta plazak eskatzeko epean daude orain.