Durangoko EAJk ez du gobernu akordiorik lortu gainerako alderdiekin izandako negoziaketetan

Joseba Derteano 2019ko eka. 10a, 20:03

Jeltzaleen esanetan ez dute akordiorako "borondaterik somatu" alderdi politikoen artean, "PSErekin salbu".

Udal-hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izan zen heinean, EAJk gobernua eratzeko negoziazio bilerak burutu ditu Durangoko Udaleko gainerako hiru alderdiekin.  Batzar horiek amaituta, ez dutela akordiorik lortu informatu dute ohar batean. "Gaur gaurkoz, ez da ezelako akordiorako borondaterik somatu alderdi politikoen artean, PSErekin salbu". Hala ere, "ekinean" jarraituko dutela eta akordiorako "atea irekita" utziko dutela adierazi dute.

Ekainaren 15ean, udala eratzeko bilkuran, Mireia Elkoroiribe jeltzaleak alkatetzarako bere hautagaitza aurkeztuko duela aurreratu dute, "gobernu egonkorra" osatzeko asmoz hurrengo lau urteetan.

Gobernu proposamenak

Gobernu "egonkorra" lortu guran, EAJk hiru proposamen luzatu dizkie gainerako alderdiei: Inbestidura akordioa, egonkortasun akordioa edo gobernu ituna. Zentzu horretan, alderdi jeltzaleak sei eduki programatiko mahaigaineratu ditu gobernu programa baten inguruan akordioa lortze aldera: Trenbidearen lurzoruaren garapena eta kontsulta, airearen kalitatearen neurketa eta hobekuntza, Durangoko osasun zerbitzuak hobetzea, mugikortasun iraunkorra (aparkalekuak barne), haur, nerabe eta gazteria politikak, eta, gobernantza parte-hartzailea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!