Durangon euskalgintzan diharduten hainbat eragilek sortutako Guka taldea da ekimenaren bultzatzailea. "Jardunaldiaren helburua Durangoko euskalgintzaren jardunari buruz eztabaidatzea da. Nondik gatozen ikusi eta aurrera begirako erronkak identifikatu gura ditugu", azaldu dute Gukako kideek. Euskalgintzan zein aliantza sortu daitezkeen eta zein dinamika parte-hartzaile ipini behar diren martxan eztabaidatuko dute. Gogoeta egiteko euskalgintza munduan antolatutako kideez gain Durangoko herritar euskaltzaleak bertaratzea eta ahalik eta iritzi gehien jasotzea garrantzitsua dela azpimarratu dute.
Gogoeta saioaren hasieran, Jon Sarasuak Euskal Herriko euskalgintzaren ibilbideari, egoerari eta egungo erronkei buruz berba egingo du.