EAJ saiatu da egokitzen eta barne aldaketa bat erakusten. Baina, beranduegi akaso. Batzar Nagusietarako baino 700 boto gutxiago batu ditu udalerako, eta horietako asko maileguan joan dira ezkerrera. EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea-Elkarrekin Podemosek aldaketarako eskari bat dutela erakusten dute boto horiek. Orain, auzoetan egin duten lanean dute gobernurako balio indartsuena. Erronka nagusia, bestalde, estazioko eremua izango da, Jaurlaritza ildo berekoa ez dela kontuan hartuta.
Lau urteko etapa berri bat dugu aurretik. Argi geratu da, Durangon zein eskualdean, etorkizuneko proiektuak jendeari entzuten eraiki beharko direla, eskurik esku auzolanean marrazten. Izan ere, politika margolan bat bezalakoa da: ez da egun bakar batean amaitzen, eta beti dago zer findu, zer hobetu, zer marraztu.