Irailean hasi zinen Berbaron lanean.
Ikasturtea indartsu hasi genuen. Irailean hasi eta berehala Euskaraldiari ekin genion. Urtarriletik aurrera, ostera, 30. urteurreneko kontuekin gabiltza.
Zelako lantaldea aurkitu duzu?
Berbaro oso egituratuta eta errotuta dago Durangon, erreferente bat da euskara arloan. Horrez gainera, zortzi langile ditu eta urtean zehar 100 hezitzailetik gora aritzen dira elkartean. Horrek guztiak potentzialitate handia du. Bestalde, lantalde oso ona eta jatorra aurkitu dut. Askotan eurei aurrez aurre esan ez arren, pozarren nago lantaldean.
Euskaraldiagaz, zu zeu zein sentsaziogaz geratu zara?
Jende askok parte hartu du, 3.000 pertsonak baino gehiagok, eta hori pozgarria da. Hala ere, esango nuke indar gehiago izan duela hartu-eman afektibo sendorik ez dagoen harremanetan; merkataritzan, esate baterako. Uste dut administrazioan aldaketarik ez egoteak jendea ez duela animatu hizkuntza ohiturak aldatzera. Euskaraldiak, eraginkorra izateko, aldaketa global baten parte izan behar du.
Berbaro elkartean hasiberria izan arren, elkarte moduan hiru hamarkada hauetako balorazioa egingo zenuten.
Berbaron entzun dudanetik eta kanpotik bizi izan dudanetik berba egingo dut, eta, beraz, oker banabil zuzendu nazatela. Esango nuke elkarteak hainbat fase izan dituela, eta mugarri garrantzitsuak ere bai. Hasieran euskararen aldeko mugimendu sendo bat sortu zen Durangon. Aurrera begira, egonkortzen joan zen heinean, gazte arloari garrantzi handia eman zitzaion, Haur Literatur Aretoa eta udalekuak euskaraz sortuta, besteak beste. Gainera, elkarteak euskaraz bizitzeko espazioak ere sortu zituen. Eraz, Anboto, taberna, Plateruena, txokoa... Durangon euskara heldu ez den esparruetara heltzen ahalegindu da Berbaro. Aurrerantzean ere alternatiba horiek sortzen jarraitu gura dugu.
Autokritika eginda, Berbarok zertan ez du asmatu?
Hasierako mugimendu izaera hori, militantzia hori, apaldu egin da. Eragile askori gertatu zaie hori, bere alde on eta txarrekin. Lantaldea profesionalizatzeak gauza asko egiteko aukera ematen du, baina pena da hasieran egon zen parte-hartzea ez egotea. Gai honen inguruan hausnartu beharra dugu. Beharbada guk geuk ere ez genituen parte-hartzerako behar beste aukera emango.
Euskararen arloan, zeintzuk dira erronka nagusiak?
Ildo nagusi bi azpimarratuko nituzke. Alde batetik, administrazioa euskalduntzea. Beste alde batetik, erreferente euskaldunak sortzea. Alde horretatik, EITBk ardura handia du. Ereduak eta bestelako entretenimendua euskaraz sortu beharko luke eta gaur egun ez dabiltza hori betetzen.
Eta Durangon?
Orokorrean, euskara ez dago erdigunean. Komunikabideen kasuan, hedabide askoren ustez, sartu behar den gauza bat da euskara, baina ez da lehentasuna, inondik inora. Azken bost urteotan atzerapausoa eman da, batez ere interneten. Hainbat tokiko webgune sortu dira, ia guztia erdaraz argitaratuz, euskararen kaltetan. Bestalde, alderdi politikoei dagokienez, azken kanpainan ikusi dugu euskarari ematen dioten garrantzia. Botoak jokoan daudenean, ele bitan edo erdara hutsean jarduten dute. Oso alderdi gutxik eta momentu zehatzetan plazaratu dituzte mezuak euskara hutsean. Hautagaien sare sozialetan, orokorrean, erdara izan da nagusi. Bozgorailua duten eragileek, hau da, hedabideek, alderdi politikoek, elkarteek... herri honetan gutxienez ele bitan egin beharko lukete eta euskara erdigunean jarri beharko lukete. Euskararen alde egin beharrean kontra egiten ari dira, euskararen alde daudela esan arren.
Hemendik aurrerako erronkak?
Berbarok euskara zerbitzuan udalean eragiten jarraitu behar du, administrazioa euskaldundu arte. Gazte arloan, aisialdia sortzen jarraitu behar du. Jolasaren bitartez, lotura afektiboak sortzen dira eta hori euskaraz izatea inportantea da. Aisialdian, geroago eta gehiago, sareetan dabiltza gazteak. Esparru hori basamortua da euskararentzat, eta hor ere eragin behar dugu, gazteek sareetan euskaraz jarduteko.
Durangoko euskalgintzatik, GUKAtik, gogoetarako deia egin duzue.
Euskararen aldeko aktibismoari eta mugimenduari beste bultzada bat eman guran gabiltza. Horretarako, gogoeta bat egin gura dugu ekainaren 8an, Pinondo Etxean. Durangoko euskaltzale guztiak parte hartzera gonbidatuta daude. Denon artean diagnostiko bat egin eta erantzunak bilatzea da asmoa, mugimendua sendotzeko.