Tecnaliak Durangaldean sortzen diren usain txarren iturriak ikertuko ditu

Jone Guenetxea 2019ko api. 15a, 15:52

Durangoko Udalak 49.175 euro esleitu dizkio Tecnalia Research & Innovation Fundazioari, datozen 6 hilabeteetan, Durangaldean sortzen diren usainen iturriak identifikatu eta udalari berauek minimizatzeko beharrezko ekintzak zehazteko.

Airearen kalitateak udal eremua gainditzen duela jakitun, ikerketa hau ez da bakarrik Durangon zentratuko, Durangoko inguru industrialean (Iurreta, Elorrio, Zaldibar, Abadiño, Apata, Berriz eta Mallabia) gertatzen diren egoera eta baldintzak ere jasoko ditu. Honela, usain horien kausa posibleak jatorrira edo jatorrietara mugatzeko ahalegina egingo da. Analisi Kimikoak BIOEF (berrikuntza + ikerketa + osasuna Eusko Fundazioa) laborategiaren bidez egingo dira.

Neurri zuzentzaileen jarraipena 

Gaur goizean Durangoko Udalak ofizio bat bidali dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari Durangoko airearen kalitatearen ikerketako txosteneko ondorioetan ezartzen diren neurri zehatzak betetzeari buruzko informazio eskatuz. 2017ko urria eta 2018ko abendua bitartean Durangon airearen kalitatea kontrolatzeko burututako lau kanpainen ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Sailburuordetzak, martxoaren 13an txosten bat bidali zuen udalera. Bertan Durangon bentzeno tolueno-estireno bezalako konposatu organiko hegazkor batzuen presentzia detektatu ahal izan direla ondorioztatzen zela azaldu du udalak prentsa oharrean. Emisioen erantzule legez identifikatutako enpresei hilabete bateko epean neurri zuzentzaileak abian jartzea eskatu zien Eusko Jaurlaritzak. "Durangar guztien ongizatea bermatzea" dutela helburu azaldu du udalak.

Txostenean ezarritako epea igarota, Durangoko Udala gaur goizean berriz Ingurumen Sailari zuzendu zaio bete beharreko neurri zehatzen, enpresa erantzuleen ingurumen baimenen  egoeraren eta zehaztutako Ekintza Planean ezarritako beste neurrien inguruko informazioa eskatuz. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!