Martxoak 31

Irigoras: “Durangok egia eta justizia merezi ditu”

Anboto 2019ko mar. 31a, 13:25

82 urte bete dira gaur faxistek Durango bonbardatu eta 336 pertsona hil zituztenetik. Biktimak oroitzeko ekitaldi instituzionala egin dute eguerdian Benita Uribarrena parkean.

Hainbat ordezkari politiko egon dira ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, eta lore eskaintza egin dute. Udaleko alderdi guztiak egon dira presente, PP salbu; euren izenean dantzari batek ipini ditu lorak. Bestalde, Esteban Cuevas lekukoak ere egin du eskaintza biktimen omenez.

Aitziber Irigoras alkateak hartu du berba ekitaldian, eta bonbardaketaren “sarraskiaren” eraginez hildako biktima guztiak omendu ditu. “Kolore politiko guztietako herritarrak hil ziren. Argi eta garbi esan behar dugu hemengo kale eta plazetan horrorea bizi izan zela”. Eraso hura isiltzeko saiakera egon dela salatu du. “Lurperatu nahi izan ziren oroitzapenak, eta herri honen esperantza eta etorkizuna ere bai”. Horren aurrean, Durangok “egia eta justizia” merezi dituela aldarrikatu du. Udalak egileen aurkako kereila ipinia du epaitegietan, baina momentuz atzera bota izan dute. Auzitegi Kosntituzionalean errekurrituta dago momentuz.

Gainera, gerora, Frankismoaren errepresioa jasan behar izan zutenak ere gogoan hartu ditu Irigorasek.

Ekitaldian zehar, Leire Bilbao idazleak eta Doinuzahar abesbatzak parte hartu dute. 20:00etan Gerediagak eta Kriskitinek antolatutako ekitaldi herritarraren txanda izango da, Andra Marian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!