Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek gaur eman dute maiatzaren 5eko ekimenaren berri. Ezkurdin hasiko da 12:00etan, eta lau zutabetan banatuko da mobilizazioa. Gero, Landako Gunean besarkada sinboliko bat gauzatuko dute. "Herrien, pertsonen eta giza eskubideen aldekoa" izango dela azaldu dute antolatzaileek. "Parte-hartzaile guztiak elkar besarkatuko gara, neofaxismoaren aurrean duintasunezko bizitzaren eta migratzeko eskubidearen alde". Izan ere, esan dute "arduratuta" daudela azkenaldian arlo politikoan agertutako diskurtso "xenofobo, atzerakoi eta antifeministekin".
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek diote 2018an 2.262 pertsona hil zirela Mediterraneoan, Europako kostaldera ailegatzeko asmotan zeudela. Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako migrazio krisi handiena dela ohartarazi dute.