Aitziber Coello preso durangarra "lehenbailehen" askatzea eskatu du Durangoko Udalak

Anboto 2019ko mar. 26a, 17:58
Presoen eskubideen alde urtarrilean eginiko giza-katea.

Aitziber Coello Onaindia durangarrak 15 urte daramatza preso Frantzia eta Espainiako kartzeletan, lehen graduan. Frantzian zigorra osorik beteta eta Espainian 3/4ak beteta, "lehenbailehen" askatzea eskatu dute bere senide eta lagunek osoko bilkuran, legedia aintzat hartuta. Hain zuzen, estatuaren partetik legea bete ez, eta presoek "mendekua baino ez" dutela jaso izan salatu dute senideek.

Coellorena kasu berezia da. Duela 16 hiletik ume txiki bategaz bizi da. Asier Aginako senarra urtarrila amaieran utzi zuten libre, gaixotasun larri baten eraginez. Horregatik, hirurek batera egoteko eskubidea dutela uste dute senide eta lagunek. Gaur aurkeztutako mozioa onartuta, espetxe zuzendaritzari hurrengo eskaera egin dio udalak: gradu-progresioa ezartzea, eta "lehenbailehen" askatzea. Izan ere, Coellok hirugarren gradua beharko luke baldintzapeko askatasuna lortzeko. Orain lehen graduan dago.

Mozioa EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak babestu dute. EAJ abstenitu egin da, eta PSE-EEk aurka bozkatu du (PP ez da egon bilkuran). Aritz Bravok (EH Bildu) esan du presoen eskubideen alde daudela, baita senide eta lagunen alde ere. Estatuko gobernua kritikatu du. "Espainiak ez du bere legea ere betetzen". Patxi Lakuntzak (Herriaren Eskubidea) "giza eskubide guztien alde" daudela azaldu du, eta denentzat lege bera ezartzea eskatu du. EAJk ez du mozioa babestu, baina trabarik ez duela jarriko adierazi du Goiztidi Diazek, abstentzioa azaltzeko. "Beti egongo gara giza eskubideak bermatu eta betetzearen alde". PSE-EEk ez du bere kontrako botoa arrazoitzeko berbarik hartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!