“Bestelako herri eredu bat behar dugu, jendeak espazioa berreskuratuko duena”

Markel Onaindia 2019ko mar. 16a, 09:50

Gizarte hezitzailea da lanbidez, eta mugimendu sozialetatik udalerako jauzia eman zuen 2015ean. Maiatzeko hauteskundeetan alkategai izango da berriro.

Asteon aurkeztu duzue zerrenda. Pozik zaudete osaketagaz?
Oso pozik eta ilusionatuta gaude. Kalean hasi ginen, astiro-astiro, eta kaleko  jendeagaz lanean jarraitzen dugu. Hazten goaz, eta ikasten. Esperientziadun zerrendaburua izango duen hautagaitza bakarra gara. Jendeak berriro ere aurkeztu nadin eskatu du. Lan oso militantea egin dugu, laguntza eskatu diguten guztien ondoan egon gara. Politika egiteko era berritzaile bat garatu dugula uste dut, zabalik egon dena, bai kalean, bai sare sozialetan. Duela lau urtekoez gainera, orain mugimendu sozialen beste olatu bat ere badator. Zerrenda ikusteak animo gorakada dakar.

Zelan baloratzen duzu amaitzear dagoen legealdia?
Ezer egin gura izan ez duen eta oposizioari ezer egiten utzi ez dion udala izan dugu. Adibidez, auzotaxiaren eta pertsona hipersentikorren aldeko mozioak onartu ziren, baina udal gobernuak ez ditu praktikara eraman. Bunkerraren dinamikagaz jarraitu dute. Beste alderdietan egitura bertikala dute, eta, gure kasuan, durangarrek erabakitzen dute. Aurrerantzean ere independentzia hori edukiko dugu.

Estaziorako planaren gaian, zer bide jorratu behar da?
Udal gobernuak parte-hartzerako bide guztiak blokeatu ditu, eta galdeketaren prozesua luzatzen dabil. Guk gobernatuz gero, herritarrek erabakitzea ahalbidetuko genuke, kontsulta bidez. Ez bakarrik gai horretan; erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun Euskal Herri honetan, gakoa da zelako herria gura duzun erabakitzea, baita ekonomian, gizartean, kulturan... ere. Gure ustez, birika berde bat izan behar du gune horrek. Paseatzeko, arnasa hartzeko eta lasai egoteko espazio bat behar dugu.

Azkenaldian hainbat plataforma sortu dira herrian, eta zenbait kide batu dira zuen zerrendara.
Udalak jendeari entzun ez izana islatzen du plataformen sorrerak. Ezin da politika egin jendeari entzun barik. Gure ideiak kalean jasotakoak dira, eskariaren eta udalaren arteko transmisio bat gara. Ildo horretan jarraitzeko modu bat da plataformetako jende bat gugaz egotea, era independentean. Auzo kontseilu bat sortzeko proposamena daukagu, auzokideek ahotsa eta botoa eduki ditzaten.

Auzo kontseiluarenaz gainera, zer beste proposamen duzue?
Bestelako herri eredu bat behar dugu, jendeak espazioa berreskuratuko duena. Gune berde eta oinezkoen gune gehiago behar ditugu. Horrek komertzio gehiago ez zarratzen lagunduko du. Bizi-kalitatea hobetuko duen herria, atsegina izango dena, batez ere emakumeekin, umeekin eta mugikortasun murriztua dutenekin. San Agustineko ospitalea berreskuratu eta gune soziokultural bihurtu gura dugu. Ludoteka, gaztelekua, hirugarren adinekoentzako zerbitzuak eta elkarteentzako lekua izango lituzke. Bestalde, euskara eta feminismoa zeharlerro dira guretzat. Udalean, soldaten kode etikoa eskatzen dugu; alkateak 75.000 euro kobratzea lekuz kanpo dago.

Airearen kutsaduraz informatu izan duzue. Herritarren kezka nagusia da.  
2017an hasi ginen gaiari zabalpena ematen, mozioen eta datuen bidez. Okerrago usaintzen zuela esanez ikusten genuen jendea, arnasa hartzea gehiago kostatzen zitzaiola... Arazo bat agerian geratu da eta udalak ukatu egin izan du. Sailburuordea ere etorri zen, ia dena ondo zegoela esatera. Gure iritzian, ikerketa zehatz bat egin behar da, eta gero erantzukizunak ikusi. Osasuna gakoa da, eta zer arnasten dugun jakiteko eskubidea daukagu.

Zer pauso eman daiteke indarkeria matxistaren aurka?
Baliabideak ditugu, baina emakumeei laguntzeko eta arreta juridikoa emateko zerbitzu bat falta dela uste dugu. Gero eta eraso matxista gehiago daudela ikusita, plan berri bat behar dugu, gelditu eta norabidea zuzendu. Izan ere, zerbaitetan huts egiten ari gara. Larrialdi egoera bat da. Emakume feministei gidaritza eman behar diegu. Aparte, irmoak izan behar dugu gaitzespenetan, baita udalean gertatzen denean ere.

Belarriprest izan zinen Euskaraldian.  
Sortu berri den Euskararen Kontseilua gakoa dela uste dut, euskararen alde lan egiten dutenekin batera diagnostiko erreal bat egiteko.  Euskaraldia norabide onean doala ikusten dut, zubiak eraikitzeko. Hezkuntza publikoak euskara ikasteko tresnak eman ez zizkigunoi, askatzeko eta animatzeko aukera emateko balio du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!