Durangoko, Abadiñoko eta Durangoko 31 establezimenduk parte hartuko dute Landako Gunean antolatuko duten Aukera Azokan. Merkatariek biltegian dituzten produktuak beherapenagaz saltzea da Dendak Bai elkarteak Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren laguntzagaz antolatzen duen ekimenaren helburua. Haur zein helduentzako arropa, kiroletako eta optikako produktuak, oinetakoak, etxerako tresnak, kotxeak eta beste hainbat produktu salgai jarriko dituzte Landakoko standetan.
Aurten, gune gastronomikoa eta tailerrak izango dira nobedade nagusia. Umeentzako ekintzak ere izango direla adierazi du azokaren aurkezpenean Karmele Elexpe Gozatu gozotegiko arduradunak.
Martxoaren 8an
Dendak Bai elkarteak egindako ikerketaren arabera, komertzioen jabeen %75 emakumeak dira. Bestalde, dendetako langileen %80 emakumeak dira. Ildo horretatik, greba deialdia dela eta, aukera azoka ordu bi lehenago itxiko dute arratsalderako deitutako manifestazioagaz bat eginez. "Bai autonomo zein langile bezala, emakumeok gehiengoa gara merkataritza sektorean, eta ez dugu galdu nahi gizartean emakumeak duen garrantzia ikusarazteko aukera", azaldu du Bambas dendako Kris Fernandezek.
"Beherapenetatik ezin daiteke bizi"
Folderreko Amaia Palaciok prentsaurrekoan mahaigaineratu duenez, "jendea beherapenetan erostera ohitu da, eta hori gure moduko komertzioarentzat ez da ona guk ez dugulako margen handiekin jokatzen". Palaciok azpimarratu duenez, Amazonek min handia egin dio sektoreari.