Trapagaranen jaio zinen, eta Durangora etortzeko erabakia hartu zenuen. Aurkezpen bideoan azaldu zenuen familiatik datorkizula gauzak aldatzeko gogoa. Alkatetza lortuz gero, zer aldatuko zenuke Durangon?
Orain 25 urte baino gehiago etorri nintzen Durangora. Oso leku onean dago, hiriburuetatik hurbil. Liburu eta disko azoka zen neukan erreferentzia. Heldu nintzenean, Durango berde bat topatu nuen, asko gustatzen zitzaidan. Jendea kaletik, komertzioa bizirik... Ikusten dut bizi kalitate hori txikitzen joan dela; gero eta berdegune gutxiago daukagu, eta horixe da egungo politiken tendentzia. Horixe da aldatu gura dudan gauzetako bat.
Estazioko eremua birmoldatzeko planari buruz galdeketa eskatu dute 3.000 lagunek, Erabakik sustatuta. Zure ustez, hauteskunde aurretik egin beharko litzateke?
Galdeketarena eta hauteskundeena bide bi dira, eta ez dira zertan gurutzatu. Sinadurak uztailean aurkeztu ziren, eta uste dugu denbora pasatu dela prozesua martxan jartzeko. Hauteskundeak egon zein ez, gure proposamena berdina da: galdeketa ja egin behar da, herritarren iritzia jakiteko.
Zertarako aprobetxatu daiteke 60.000 metro karratuko gune hori?
Lehenik eta behin, obrak gelditu egin behar dira, azken osoko bilkuran onartu zen bezala. Gero, gure ustez, Durangok berdeguneak behar ditu. Berdegune handi bat egin daiteke, herrirako birika berde bat sortzeko. Ez hori bakarrik, aisialdirako eremua ere egon behar da, durangarrok bertan elkartzeko, jolasteko, irakurtzeko... Osasunerako Mundu Erakundeak pertsonako 10 metro karratu berdegune egotea gomendatzen du, eta Durangon 8 dauzkagu. Etxeak eraikitzeko dauden proiektuekin, metro horiek oraindik gutxiago izango dira berdegune berriak sortu ezean.
Udal ikerketak esan du aire kutsadura dela herritarren arazo nagusia.
Gure planteamendua mahai bat eratzea da, udal teknikariekin, zinegotziekin, enpresekin eta herritarrekin. Horrelako mahai bat badago martxan Elorrion, eta jendea pozik dago. Arazoak aztertu eta informazioa herritarrei bideratzeko balioko luke. Bestalde, legea bete egin behar da, eta udala adi egon beharko litzateke.
Zenbait eraikin publiko hutsik daudela salatu duzue orain aste bi.
Ez bakarrik hutsik, baita oso egoera txarrean ere. Elkarteak espazioak eskatzen dabiltza, eta konponbidea badago udalaren esku. Garai jauregian elkarteen etxe bat egitea da gure proposamena, euren artean hartu-emanak sortzeaz aparte agenda sozial bateratu bat eratzeko. San Faustoko baserria hango familiek erabiltzeko proposatzen dugu. Erabiltzen ez denean, Landako Gunea zabalik egon behar dela uste dugu, durangarrentzako espazio bat delako. Correosen eraikin zaharrean, kultur etxea, ludoteka edo ikasteko gelak eraiki ahal dira...
EH Bilduk auzo batzarrak egin ditu legealdian. Segitzeko asmoa duzue?
Bai. Proiektu horretan gehitzera nator, auzoetan egin den lana oso garrantzitsua delako. Inportantea da auzotarren nahiak eta kexak entzun, eta gero soluzioak topatzea. Batzar horiek udalak deitutako eztabaida eta erabakigune bihurtzea da gure ideia.
Durangon, euskararen erabilera %22,7koa da. Zelan indartu daiteke?
Uste dut datuak ez direla onak, eta neurriak hartu behar direla. Udalera begira, barne funtzionamendua euskaraz izan behar dela uste dugu, euskara izan behar dela lehen hizkuntza. Webgunea eta sare sozialak euskaraz izatea, enpresek hizkuntza irizpideak errespetatzea, udalagaz hartu-emana euskaraz izatea gura dutenen eskubidea bermatzea... Kanpora begira, hezkuntza ez formalean euskararen erabilera bultzatuko dugu, aisialdian eta kirolean, adibidez. Nire iritziz, euskara eta feminismoa zeharlerroak izan beharko lirateke, egiten ditugun gauza guztietan.
2018an 41 eraso sexista salatu zituzten Durangon. Badago lana.
Asko, zoritxarrez. Biolentziarena izebergaren tontorra da. Indarkeria matxistaren aurkako plan integral bat proposatzen dugu, udal herritarrak eta mugimendu feminista agente aktibo izanda. Bestalde, heziketa oso garrantzitsua dela ikusten dugu. Ezinbestekoa da eredua aldatzen joateko. Ikastetxe guztiekin mahai bat sortzea gura dugu, heziketarako plan bat adosteko.