"Tarajaleko sarraskia" gogoratzeko mobilizazioa antolatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak

Markel Onaindia 2019ko ots. 5a, 15:19

Bihar 5 urte beteko dira Ceutako Tarajal hondartzan Guardia Zibilak 14 migratzaile hil zituenetik, eta Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak elkarretaratzera deitu du zapatu honetarako, 12:30ean, Andra Marian.

2014ko otsailaren 6an izan zen gertakaria, hainbat migratzaile Tarajal hondartzara ailegatzeko ahaleginetan zenbiltzanean. Guardia Zibilaren tiroz 14 lagun hil ziren eta beste bat desagertu ere bai, bertsio ofizialaren arabera. Geroztik, Tarajaleko sarraskia lez gogoratzen dute migratzaileen aldeko mugimendutik. "Gaur egun, oraindik gertaera larri hauek ez dute inolako ondorio politikorik izan, ezta juridikorik ere, arduradunek zigorrik gabe jarraitzen dutelarik", salatu dute.

Gertakari hura "Europako migrazio politiken ondorio zuzena" dela uste dute errefuxiatuen aldeko plataformakoek, eta egunero beste hainbat pertsona hiltzen direla gogoratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!