Durangoko hotelen okupazioa %13 hazi da 2018an, eta turismoak %4,4 egin du gora

Markel Onaindia 2019ko urt. 30a, 13:00

Olajauregi hotela, Kurutziaga kalean.

Aitziber Irigoras alkateak eta Natalia de Naveran turismo bulegoko teknikariak iazko emaitzak eman dituzte prentsaren aurrean. Turismoak %4,4 egin du gora, inoizko datu onena emanda. Horregatik, "pozik" agertu dira arduradunak.

Naveranen esanetan, "orain arteko errekor handiena" da herriko turismoa %4,4 igo izana. 19.304 bisita jaso ditu Durangok 2018an, 2017an baino 814 gehiago. 2015ean 12.489 bisitari egon zirela kontuan izanda, datuek gora egin dute nabarmen azken urteetan. Aipagarria da hotelen okupazioak %13 egin duela gora; 38.586 gaualdi zenbatu dituzte ostatu guztien artean. Irigorasek azaldu du bisitariek gora egiteaz gainera, "zerbitzuen kalitatean jauzia" egon dela, eta eskerrak eman dizkie hori posible egin dutenei. 

Madrildarrak, atzerriko lehen postuan
Turisten jatorria kontuan hartuta, madrildarrak izan dira atzerritik etorritakoen gehiengoa; 538 bisitari izan dira Espainiako hiriburukoak. Katalanak 486 izan dira, andaluziarrak 348 eta frantziarrak 289. Guztira, atzerritarrak 7.200 inguru izan dira. Hala ere, nabarmentzekoa da bisitarien gehiengoa Euskal Herriko txangozaleak izan direla, 7.893 hain zuzen ere. 

4.413 bisitarik Kurutziagako Kurutzeagaz eta Durangoko bonbardaketagaz lotutako ibilbide audiogidatuak egin dituzte. Naveranek aipatu du Kurutzesantun dagoen erabiltzaileen turismo bulegoak iritzi ona jaso duela, eta webguneak ere hazkundea izan duela bisitetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!