Irigorasek irakasle izateko bateragarritasuna eskatuko du biharko plenoan

Jone Guenetxea 2019ko urt. 28a, 18:34

"Erabaki librea, kontzientea eta EAJ alderdiarekin zein Unibertsitatearekin  adostutakoa" dela azpimarratu du. 

Idazkaritzan aurkeztutako idatzi baten bitartez, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, alkate lana, berriro ere irakaskuntzara itzultzeko bategarritasuna eskatu zuen. 

Irigorasek prentsa oharrean azaldu duenez, “Durangoko herriari zintzotasunetik, apaltasunetik eta erabateko konpromisotik egiten diodan eskaera da, behin alkate gisa nire agintaldia bukatzean irakaskuntzara itzultzeko aukera izateko helburu sinple eta bakarrarekin”. Gaineratu duenez, “argi utzi nahi dut agintaldia orain arteko izandako gogo eta konpromisoarekin bukatuko dudala eta ez dudala onartuko inola ere egoera honek ez udalari ezta Durangoko herriari ere kalte egiterik. Lau hilabete geratzen zaizkigu lanean jarraitzeko eta erantzukizunez eta arduraz arituko naiz nire karguan 2019ko ekainera arte”. 

Idazki hori biharko osoko bilkuran landuko dute. Oharrean azaldu dutenez, bateragarritasuna osoko bilkurari eskatzea nahitaez bete beharreko pausoa da. Eskaera hau, behin alkate moduan bere betebeharrak bukatuta, bere karrera profesionalera normaltasun osoz berriro bueltatzeko modu bakarra dela dio Irigorasek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!