Andra Mariko plaza, elurragaz zuri-zuri eginda

Markel Onaindia 2019ko urt. 25a, 19:30

Euri zaparradek negu gorrian sartu garela erakusten duten egun hauetan, gure inguruko mendietan elur malutak jausi dira, nahiz eta lainoek, sarritan, hori ikusteko trabak ipini. Oraindik behekaldean ez dugu elurrik ikusi, baina batek daki zelako negua edukiko dugun aurretik. Iaz, esaterako, aspaldi ez bezala zuritu zuen Durangaldean otsailaren 28an; akordatzekoa izan zen. Kaleak elurtuta zeudela itzartu, eta errepideak kolapsatu egin ziren.

Atzera begira, Ricardo Doliwak elurte batean Durangon ateratako argazki eder hau dakargu argitara. Aurreko mendeko erdialdekoa da; Jose Mari Uriarte historialariaren esanetan, 1955eko martxoan egindakoa, seguruenik. Andra Mariko plaza zuri-zuri dagoela, astoekin produktuak garraiatu dituen andre bat ageri da irudian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!