Auto elektrikoen jabeek %95eko hobaria edukiko dute Durangoko zirkulazio zergan

Markel Onaindia 2019ko urt. 8a, 18:00

Herriaren Eskubideak berriki eginiko asanblada baten irudia.

Herriaren Eskubideak bultzatutako ekarpen bati esker, 2019ko udal zergetan hobariak edukiko dituzte ibilgailu elektrikoek, hibridoek, eta karbono isuri gutxi dituztenek. Urtarrilaren 14ra arte egin ahal da eskaria udaletxean, abantaila horiek lortzeko.

Herriaren Eskubideak ohar bidez azaldu du airearen kalitatea hobetzeko asmoz garatutako neurri bat dela. Ibilgailu elektrikoek %95eko hobaria jasoko dute zirkulazio zergan, eta hibridoek %75ekoa. Matrikulazioko lehen bi urteetan, kilometroko 120 gramo karbono dioxido baino gutxiago isurtzen dituztenek %25eko hobaria edukiko dute, eta 110 gramotik behera isurtzen dituztenek %40koa. Urtarrilaren 14ra arteko epea dago, 2019ko zergetan. Hortik aurrera aurkeztuz gero, 2020an ezarriko da hobaria. 

Herriaren Eskubideak salatu du udal gobernuko EAJk eta PSE-EEk ekimen honen aurka bozkatu zutela. Gainera, kritika egin du hobarien ekimenaren inguruan ez dutelako herritarrentzako informaziorik zabaldu udal iturrietatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!