Durangoko gazte alokairuko lehenengo etxeak bihar zozkatuko dituzte, 22 gazteren artean

Markel Onaindia 2019ko urt. 7a, 12:46

Bihar eguerdian, 12:15ean, egingo dute zozketa Durangoko udaletxean, Aitziber Irigoras alkatea eta Pilar Rios alkateordea bertan direla. Gazteei bideratutako alokairu publikoko lehen etxeak izango dira Durangon, San Fausto auzoan kokatuta daudenak. Txandakako sistema bidez funtzionatuko dute, gehienez 3 urteko erabilera epea ezarrita.

Durango Eraikitzen erakunde autonomoko presidente ere baden Pilar Riosek abenduko osoko bilkuran eman zuen zozketaren berri, Zabalduko Ditugu gazte taldeak zenbait galdera egin ostean. Alkateordearen esanetan, alokairuko etxea hartzeko 34 eskaera jaso zituzten, eta horietatik 12 baztertu behar izan zituzten, baldintzak ez betetzeagatik edo dokumentu guztiak ez aurkezteagatik. Momentuz 6 etxe izango direnez proiektuan martxan jarriko direnak, eskatzaileen artean zozketa egitea beharrezkoa da. Faustegoienako babeseko 118 etxeetatik 16 izango dira, guztira, alokairurako.

18 eta 30 urte arteko gazteek dute aukera, eta hilero 115 eta 225 euro arteko errenta ordainduko dute, bakoitzaren diru-sarreren arabera. Biharko zozketaren ostean, otsailaren 1ean egingo dute etxeen adjudikazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!