Udalak kontu emateko puntuan berba egingo du galdeketaren tramitazioaz, eta modu horretan hasiko da prozedura administratiboa, protokolo bat onartuta. "Herritarren errespetutik abiatuta, gobernu taldeak galdeketa hau inolako atzerapenik gabe garatu dadila proposatzen du, betiere indarreko araudiak eskaintzen dituen erreminten bitartez", informatu du gobernuak. Horren arabera, urtarrileko udal batzordean gaia eztabaidatuko da, dokumentazioa aztertzeko, kontsultako galderak zehazteko eta data bat ezartzeko. Gero, urtarrileko osoko bilkuran galdeketa onartuko litzateke. Udalak hiru hile eta urtebete arteko epea edukiko du galdeketarako egun bat ezartzeko.
Hala ere, eta aurreko asteetako nahasmena ikusita, Erabakik gaurko bilkurarako mozio bat sartzea erabaki zuen. Galdeketa martxoan egitea eskatuko du plataformak. Beraz, puntu hori onartzen bada, baliteke galdeketaren prozesua zerbait aurreratzea. Erabakik bilkurara joateko deia egin die herritarrei. "Pozik joateko deia egiten dizuegu, horrela sentitzen baikara", adierazi dute sinadura kopuruari erreferentzia eginez.