Ion Andoni del Amo eta Ima Garrastatxuren artean primariak egingo ditu EH Bilduk Durangoko alkategaia aukeratzeko

Markel Onaindia 2018ko abe. 17a, 13:06

Durangon hauteskunde primarioak egingo ditu lehenengoz EH Bilduk. "Aldaketa politikoa ekarri eta Durangoko EH Bilduk ordezkatzen duen proiektu anitz eta zabaleko zerrendaburua izateko" pausoa eman dute bi hautagaiek, ezkerreko koalizioak oharrean dioenez. Bozketa abenduaren 28tik 30era bitartean egingo dute presentzialki zein telematikoki, eta 31n emango dute jakitera zein den maiatzaren 26ko hauteskundeetarako alkategaia.

EH Bilduren ustez, aldaketa "inoiz baino posibleagoa" da. "Aurrenekoz EH Bilduko alkategaia aukeratzeko primariak egin behar izateak erakusten du koalizioak eskaintzen duen proiektu politikoak inoiz baino atxikimendu handiagoa duela eta esperantza eta ilusioa sortzen duela".

Del Amo zinegotzia da 2013az geroztik. Telekomunikazioko ingeniaria eta soziologoa. Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Masterra dauka. Gizarte Komunikazioan doktorea, nazioarteko aipamenarekin eta doktoregoko sari bereziarekin. Ikerketa arloan dihardu EHUn, eta beste zenbait unibertsitatetan ikertzaile bisitari lez, Harvarden esate baterako.

Garrastatxu Informazioko Zientzietan lizentziatua da, eta administrazio publikoan lan egin du hainbat urtez. Gaur egun, karrerako funtzionarioa da Bizkaiko Foru Aldundian, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasun sailean. Langileen Batzordeko parte, Prebentzio eta Lan Osasuneko delegatua da. Durangoko Kriskitin Dantza Taldeko partaide urte luzez, eta SARE herritarreko kide ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!