Herri galdeketa antolatzea ala ez Durangori dagokio. Argi dago Durangon, kolore politikoetatik harago egitasmo urbanistiko horren inguruan jakin nahia dagoela, herritarrek informazioa eta iritzia ematea eskatzen dutela. Nor da orduan Jaurlaritza galdeketarik aurreikusten ez dela esateko? Aste honetan horren erantzuna jaso dugu, eta bai, Jaurlaritza bada nor. Durangoko udal gobernuak, Jaurlaritza daudenen lehengusu txikiak, iragarri du herri galdeketarik ez dela egin behar. Erabaki plataformak aurkeztutako sinadura guztiak zenbatu barik, esan die 76 sinaduraren faltan geratu direla. Aurretik ahal izan dituen oztopo burokratiko guztiak jarri ondoren, herri galdeketara deitzeko 76 sinadura falta zaizkiela esan die. 2.885 herritarrei esan die euren sinadura ez dela nahikoa herri galdeketa batera deitzeko. Eta nik galdera bat egiten diet gainerako 26.000 durangarrei: "Ados zaudete gure herriaren egitura urbanistikoa betirako baldintzatuko duen proiektua bulego batean erabakitzeaz? Horrela ez bada, oraindik aukera daukazue herri galdeketa hori behartzeko".