Durangon "obra klandestinoak" egitea leporatu dio oposizioak ETSri, eta Balierren dimisioa eskatu du

Anboto 2018ko aza. 28a, 08:37
Sasikoa eta Askatasun etorbidea lotzeko balioko duen biribilgunea hasita ikusi daiteke.

Estazio zaharreko eraikina bota ostean, ingurua egokitzen hasi zen ETS, geltoki berriko sarbidea zabaltzeko. Baina, oraindik onartu barik dagoen etxe dorreen planeko errepide bat eta biribilgune bat ere eraikitzen hasi zen. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak ETS zigortzea eskatu dute, eta Mari Jose Balier hirigintza zinegotziaren dimisioa ere bai, "gertaera larria" delakoan, eta obren eteteko lau hile pasa direlako. Baina, mozioa ez da onartu.

Herriaren Eskubideak uztailaren 9an salatu zuen obra, eta uztailaren 17an eginiko batzorde zabalean ere bai, EH Bildugaz batera. Baina, obrek aurrera jarraitu dute, azaroaren 5ean bulego teknikoko erantzuna heldu arte; obrak etetea agintzen zuen. Hori bai, jada amaituta zeuden. Gobernu taldeak adierazi du, egia dela partzelen muga gainditu duela ETSk, eta irailean obra eteteko eskatu ziola. EAJk eta PSE-EEk mozio alternatiboa aurkeztu dute, etorkizuneko obretan partzelak errespetatzeko eskatuz, eta ETSk Durangon eginiko inbertsioa eskertuz.

Tentsioa egon da bilkuran. EH Bilduk proposatu du mozioa, eta Herriaren Eskubidearen puntu bat gehitu dute: Mari Jose Balierren dimisioa, "gestio txarragatik". Pilar Riosek (PSE-EE) Balierren izena zikintzeko saiakera  egotzie die. "Hain argi baduzue, joan zaitezte auzitegietara". Goiztidi Diazek (EAJ) Balier babestu du, eta "beti legearen barruan" jokatu duela nabarmendu du. Beharrezkoa bada auzitegietara joango direla erantzun du Jorge Varelak (HE), eta gertakariak "larriak" direla adierazi du.

Ion Andoni del Amoren (EH Bildu) ustez, "ETSk txarto egin du eta zigorra merezi du". Gainera, hileotan gobernu taldea "non egon" den galdetu du. Mozio alternatiboa kritikatu du, "zigortu beharrean ETS txalotu" duelako. Riosek erantzun du udala jakinaren gainean egon dela, eta ETSgaz koordinaziorako harremana duela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!