Durangoko 60 komertziok parte hartuko dute Bariku Beltza edo 'Black Friday' promozio egunean

Markel Onaindia 2018ko aza. 21a, 12:37

Dendak Bai elkarteak antolatuta, Durangoko 60 komertziok egin dute bat bariku honetan ospatuko den Black Friday (Bariku Beltza) ekimenagaz. Egunean zehar bakoitzak bere deskontu eta promozioak izango ditu eskuragarri. Egun horretarako diseinatutako kartelekin eta sarreran ipiniko dituzten alfonbra bategaz bereiziko dira partaide diren dendak.

Ameriketako Estatu Batuetako sektore komertzialetik ekarritako ideia da Black Friday ekimena, Gabonetako erosketa sasoiari hasiera ematen diona, erosleei deskontuak eta promozioak eskainita. Euskal Herrian hiriburuetan hasi ziren ideia garatzen, eta Durangon ere duela hiru urte ekin zion Dendak Bai elkarteak. "Azken urteotan egun hau arrakasta handia izaten ari da gure artean, eta horrelako egun bat Durangon antolatzea garrantzitsua dela uste dugu, bezeroek bilatzen dutena herrian bertan aurkitu dezaten eta beste toki batzuetara mugitzeko beharra izan ez dezaten", azaldu du elkarteak prentsa oharrean. Beraz, herriko merkataritza sustatzeko apustu bat ere bada barikurako iragarritako ekimena.

100 deskontu txartel
Dendariek eskainitako deskontuez gainera, 20 euroko balioa duten 100 deskontu txartelen zozketa burutuko dute erosketak egiten dituzten bezero guztien artean, prentsara bidalitako oharrean azaldu dutenez. Bestalde, telazko poltsak ere doan danatuko dituzte opari lez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!