"Oso erraz ematen dugu amore, euskararen kalterako beti”

Markel Onaindia 2018ko aza. 16a, 09:30

Berrizen jaioa, Durangon bizi da aspaldian Araceli Alberdi (Durango). Kurutziaga ikastolako irakasle izan da 40 bat urtez, eta orain jubilatuta dago. Ahobizi izango da Euskaraldian.

Baserrian jaioa naiz eta gurasoak euskaldunak ziren. Orduan ikasketak ez zeuden euskaraz, eta lanean hasi arte gaztelaniaz ikasi nuen. Hala ere, nire bizimodua euskaraz egiten nuen. Ikasketak amaitu eta berehala zegoen lana.Hori historiara pasatu arren, orduan horrela zen. Eibarko ikastolan urte bi egon nintzen, eta gero Durangon lanpostu bat eskaini zuten. Bertan hasi eta ekainean jubilatu arte bizitza osoa hantxe eman dut, 40 bat urtez. Jende asko ezagutu dut Kurutziagan. Zapatuan urtemugako jaialdia egin genuen eta egun oso polita izan zen.
Iruditzen zait Euskaraldia saiakera polita izan daitekeela. Euskaldunok insistitu egin behar dugu. Izan ere, normalean pausoa atzera eman eta gaztelaniara jotzen dugu besteak hizkuntza horretan egitean. Oso erraz ematen dugu amore, euskararen kalterako beti. Durangon, adibidez, komertzio batzuetan ahalegin handiagoa egin beharko luketela uste dut. Gutxienez "gero arte" esan; denok dakigu "agur", "arratsalde on" edo "eskerrik asko" esaten, eta batzuek "hasta luego" erantzuten dizute. Insistitu eta gogoa sorrarazi beharko genieke. Bestalde, oso lasai jokatu dute beti. Euskara gure hizkuntza da, bizi diren lekuko hizkuntza ofiziala. Beraz, errespetu apur bat ere erakutsi beharko lukete. Uste dut Euskaraldia ariketa aproposa izan daitekeela bide horretan pausoak emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!