Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskia gogoan izan dute Durangon

Anboto 2018ko aza. 11a, 23:14

Frankismoaren aurka borroka egin zuten antifaxistak gogoan izaten ditu urtero Durango 1936 elkarteak Agurrik Gabeak ekitaldian. Gaurkoan, 1976ko martxoaren 3an langileen aurka egindako oldarraldia landu dute Plateruena kafe antzokian.

Greban zeuden ehunka langile asanblada egiten zebiltzan Zaramaga auzoko elizan, eta Fragaren menpeko polizia indarrez sartu zen. Tiroka hasi, eta bost behargin hil zituzten, baita ehundik gora zauritu ere. Gaurkoan, Plateruenean, gaia jorratzen duen dokumentala eskaini dute, eta gero Imanol Olaberria lekukoak orduko bizipenak kontatu ditu.

Ekitaldia abesten amaitu dute, Ander Erzillak eta Unai Iturriagak sortutako abestia kantatzen hain zuzen.

Horrez gainera, aipagarria da elkarteak argitaratu duen aldizkariaren lehen alea ere banatu dutela bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!