Durangoko Familiak elkarteak mozioa aurkeztu du osoko bilkuran, eta kasik aho batez onartu da (PPko zinegotziak alde egin du lehenago, beste ikamika bategatik). Gaizka Uriarte gurasoak irakurri du mozioa. "Ez da egia Durangon haur eta nerabeentzako ekintzak egiten ez direnik, baina sentsazioa dugu ez dagoela plan integralik. Momentuko okurrentziak izaten dira, eta iritzia jakin barik". Bere esanetan, ludotekarena ere "partxe" bat da arlo horretan, baina "ezinbestekoa" aldi berean.
Eredu lez, Durangoko Azokaren egunetan Elkartegian ipintzen den Saguganbara aretoa ipini du. Eta, etorkizunera begira, Correosen eraikin zaharra ludoteka bihurtzeko proposamena plazaratu du, herriaren erdigunean dagoelako eta trafikorik ez dabilelako inguruan. "250 familia gara, eta elkarlanerako prest gaude", aipatu du Uriartek.
Horrez gainera, negua gainean dela eta ez dutela "aterpe duinik" ohartarazi dute. "Ja behar dugun gauza bat da".
Azterketa eske
EAJ eta PSE-EEren gobernuak baietza eman dio mozioari, baina "benetako beharrizana" jakiteko azterketa bat egitea eskatu du, Pilar Riosen berbetan. Gainera, Goiztidi Diazek gogoratu du 2009an ipini zela martxan ludoteka zerbitzu bat, eta ez zuela funtzionatu. "Agian gauzak ez ziren ondi egin, eta aztertu beharra dago".
Eider Uribek (EH Bildu) Elorrion aste honetan iragarritako 'Ametsola' proiektua goraipatu du, eta Zornotzan ere ludoteka dutela gogoratu. Durango herri handiagoa izanda ludotekarik ez edukitzea ez du begi onez ikusi.
Julian Riosen (Herriaren Eskubidea) iritziz, "umeak eta nerabeak Durangoko ahaztuak dira". Bestalde, gobernuaren azterketa eskariaren aurrean, nabarmendu du Durangoko Familiak urtebetean dabilela lanean, baita familiei galdetzen ere