Asteazkenetik indarrean egongo da TAO zerbitzuaren ordenantza berria

Anboto 2018ko urr. 22a, 15:16

Asteazkenean, urriaren 24an, jarriko du indarrean TAO zerbitzuaren ordenantza berria Durangoko Udalak. San Inazio auzunean ez TAO zerbitzurik egongo, eta, arratsaldeko ordutegia aldatuko da: 16:00etatik 20:00etara egongo da indarrean TAO. Bestalde, anbulatorio ingurua txandatze-maila altuko gune berdea bihurtuko dute.

TAO zerbitzuan indarrean sartuko diren neurri hauekin merkataritza jarduera "hobetu" gura dute, gune batzuetan ibilgailuen txandatzea "bultzatu", eta garraio publikoaren erabilera sustatu. Horrela azaldu dute udal arduradunek ohar baten bitartez. 

Hartara, San Inazio auzoa TAO kudeaketa sistemaren araupetik kanpo geratuko da asteazkenetik aurrera, "ibilgailuen artean ez delako aurreikusitako errotazio mailarik eman", udal arduradunek azaldu dutenez, eta, Landako anbulatorioaren inguruan, txandatze maila altuko gunea ezarriko dute indarrean. Gune berde horretan, osasun zerbitzuen erabiltzaileen ibilgailuak, gehienez, 90 minutu egon ahal izango dira aparkartuta. Azkenik, TAOren arratsaldeko ordutegia aldatuko da asteazkenetik aurrera: 16:00etatik 20:00etara egongo da TAO indarrean.

TAO zerbitzu berriak, LEBER enpresaren  azterketa bat eta udalak herritarren ekarpenak jasotzeko abiatutako prozesu parte hartzailea du oinarrian. Joan zen uztailean onartu zituen ordenantzaren aldaketa hauek, osoko bilkuran.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!