Gauean lorik egin gabe

San Fausto jaiak atseginak dira lagunekin eta senideekin partekatzeko. Aspaldi ikusi gabekoekin berriro elkartzeko, gozatzeko eta ospatzeko egunak dira.

Baina, egunotan, gertaera desatseginak ere izaten dira. Lagun batek esan zidan, bere etxeko txikiena dela-eta larrialdi zerbitzuetara joan behar izan zuela autoa hartuta San Faustoetako gau batez. Bere hitzek estualdi nabarmena igaro zuela islatzen zuten. Autoa ordu txikietan hartu, eta Gurutzetako Ospitalerainoko bide amaigabea egin behar izan zuen, 40 kilometro baino gehiago. Eta, dena, Durangon 24 orduko pediatria zerbitzurik ez dagoelako, eta gure erreferentziazko ospitalean, Galdakaokoan, pediatria zerbitzurik ez dagoelako.   

Gertaera amorragarriak dira,  eskualdean 24 orduko pediatria zerbitzurik ez izatera une estu eta larriak igaroarazten gaituztelako. Gure eskualdea berriro ere  zigortuta eta ezinbesteko zerbitzurik gabe.

Osasun Sailaren eta hango buruen enpatia falta izugarria da, ahaleginik txikiena ere ez baitute egin gure eskualdeko gurasoen lekuan jartzeko. Ordubeteko bidaia da, eta itxaronaldia ez luzatzeko, ordaindu beharreko autobidea hartu behar da.

Egoera tamalgarri hau dela-eta, oso denbora gutxian 5.000 sinadura baino gehiago bildu dira 24 orduko zerbitzua eskatzeko. Datu garrantzitsua, baina 30.000 durangarren etorkizuna zehaztu nahi duen "120 aukeratuen taldeak" jaso ez duena Durangon.

Gure txikien bizi-kalitatea eta arreta betetzen direnean baino ez da izango kalitatezkoa gure herria, aurrerapenezkoa, ongizatezkoa. Txikienen osasunarekin ez dago jolasean ibiltzerik.
*Erredakzioan itzulia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!