Durangoko merkatu plaza eraberritzea, EAJri "ilusioa sortzen dion proiektua"

Markel Onaindia 2018ko urr. 11a, 11:41

Kasik urtebetez 120 pertsonekin batera era parte-hartzailean garatu duen Durango Helburu proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu EAJk, prentsarako egindako gosari informatiboan -atzo aurkeztu zizkien prozesuko partaideei-. 120 proposameneko dokumentu bat osatu dute, eta aurrera begira lan egiteko ibilbide-orri bat izango dela diote. 

Merkatu plaza eraberritzeko ideia da horietako bat. "Proiektu estrategiko" bat dela esan du Mireia Elkoroiribe alkategaiak, beste laugaz batera: proiekzio ekonomikoa, goi mailako prestakuntza, mugikortasun jasangarria eta estazioko lurretarako plana. 2019ko udal hauteskundeetarako programan egongo dira horiek, eta gainerakoak aurrerago aztertuko dituzte. 

Merkatu plazarena "ilusioa sortzen duen proiektua" dela dio Elkoroiribek. Bertako gune bien eraberritze orokor bat izatea gura dute, erakargune bihurtu eta inguruetan eragina izan dezan, alde zahar osoa "merkatalgune ireki handi bat" bihurtzeko. Ez dute proposamen zehatz bat, eta hasieran ideia lehiaketa bat egingo lukete, fase batean herritarrei berba emanez. Hainbat ideia irten dira Durango Helburu prozesuan: ostalaritzari lekua egitea Bilboko Erriberako merkatuan moduan, bertako produktuak sustatzea, erabilera anitza ematea...

Eguzkitzako industrialdea
Proiekzio ekonomikoari dagokionez, Eguzkitzako lurretan industrialde bat sortzea da euren proiektu nagusia. Goi mailako prestakuntzan, erkidegoan erreferentzia izango litzatekeen ikastetxe bat zabaltzea. Estazioko lurren planagaz "birika handi" bat garatzea -etxeak mantenduz-, eta mugikortasunerako aukera bat izan daitekeen trenbide zaharraren trazatua oinezko eta bizikletei bideratzea ere gura dute.

Bestalde, azkenaldian eztabaidagai izaten ari den airearen kalitateari buruz ere berba egin du Elkoroiribek. Enpresen emisioak aztertzea izan da partaidetza prozesuan irtendako ideia bat. 

"Emaitzagaz pozik"
Ander Gorrotxategi Durangoko EAJko presidenteak azaldu du prozesurako 150 pertsona gonbidatu zituztela; 120k eman zietela baietza, eta "emaitzagaz pozik" daudela dio. Prozesuagaz, herritarrengana "hurbiltzea eta zabaltzea" sustatu gura izan dute. Elkoroiribek nabarmendu du sektore eta ideologia ugaritako jendeak parte hartu duela, EAJko afiliatu izan ez direnek ere bai. Urtarrilean, bigarren fase bat zabalduko dute, herritar guztiei begira. 

Hauteskundeak irabaziz gero, "gobernatzeko modu gardenagoa, parte-hartzaileagoa eta hurbilagoa" jorratuko dutela hitz eman du jeltzaleen hautagaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!