Primarioen osterako aurreikusita dituzten batzorde zabalak irailera aurreratzea erabaki dute, hirigintza eta garapenekoa kasu. "Mahai gainean dauden gai batzuri buruz adostuta dugun iritzia plazaratzea" da batzordeak aurreratzeko arrazoia. Batez ere gai urbanistikoez dihardute, "legealdiko eztabaida handienak" horien harira ematen ari direlako. "Aurrez adostu bako erabakiak dekretu bidez hartzearen aurka gaude", diote oharrean sozialistek. Fernando Castillo idazkari nagusiak eta Tony Alonso antolaketa idazkariak sinatuta dator oharra.
Duela aste batzuk, Arripausuetan etxeak eraikitzeko proiektu bat onartu dela iragarri zuen EH Bilduk, eta hori ere aipatu du PSE-EEk, proiektuak ez direla "ezkutatu" behar aldarrikatzeko. Gainera, etxebizitza politikagaz ez dago gustura alderdia. "Ez dugu ulertzen babeseko etxeak eraikitzeko udalaren lurrak garatzen ez egotea, eta bitartean etxe-sustatzaileek etxeak bereganatzeko gaitasun handia edukitzea". Alokairuko etxeen kopurua handitu behar dela ere uste dute sozialistek.
Estazio zaharreko lurrei dagokienez, enpresa eta erakunde publikoen elkargune baterako eraikina sortzea proposatu dute, eta modu horretan Elkartegia udal erabilerarako izan litekeela diote.
Muruetako gune komertziala
Abadiñoko Udalak Muruetako lur bat birkalifikatzea erabaki zuen uztailean, bertan gune komertzial bat eraiki ahal izateko. Erabaki horren aurka ere badago Durangoko PSE-EE, bere iritziz San Fausto auzora "zarata eta trafikoaren kaosa eta bestelako kalteak" ekarriko dituelako, eta udalak "adi egon" beharko lukela uste du.