Ezkurdiko kioskoa eraberrituko du Durangoko Udalak

Anboto 2018ko abu. 14a, 11:17
Durangoko duatloiaren sari banaketa Ezkurdiko kioskoan egiten dute

Udalak proiektu honetara 20.000 euro bideratuko ditu.

Durangoko Udalak uztailaren 19ko osoko bilkuran 600.000 euro inguru onartu zituen hurrengo hilabeteetan dozena bat proiektu burutzeko. Ezkurdi Plazako kioskoaren erreforma horietako bat dela azaldu dute prentsa oharrean. Durangoko Udalak 20.000 euro inguru inbertituko ditu ekipamendu hau berritzeko. Urritik aurrera egingo dituzte lanak. Besteak beste, oinarria indarberritzea eta panel elektrikoa berritzea aurreikusi dute. Era berean, biltegi txiki bat eraikiko dute, egungo komunak ordezkatuko dituena.

“Erreforma honek udalerriaren erdialdean gizarte, kultur eta kirol ekitaldiak ospatzen jarraitzeko aukera eskainiko digu. Orain dela ehun urte baino gehiago Ezkurdiko kioskoa erreferentzia eta durangarrentzako topagune izan da, guztiontzako gune oso berezia eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu”, baieztatu du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak.

Kioskoa 1902an eraiki zen. Bere historia herriko erdigunean kokatutako espazioaren transformazioari lotuta dago. Eraikina, bere historian zehar, musikaren zerbitzura egon da, hamarkadetan zehar Ezkurdin antolatutako dantzen topaleku izan da. Durangoko Tabira Musika Bandaren eszenatokia izan da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!