Durangoko Udala '2018 Transformative Action Award' Europako Iraunkortasun Sarietarako hautatu dute

Anboto 2018ko abu. 10a, 21:13

Ekitaldia azaroan ospatuko da Bruselan eta Hiri Jasangarrien Europar Plataformak antolatzen du. Sari hau irabazteko aukera duen Europako 40 udalerri eta erakundeetako bat da Durango.

2016ko apirilaren amaieran Bilbon ospatutako Hiri eta Herri Jasangarrien Europako zortzigarren Konferentzian onartutako Euskal Adierazpenean ezarritako irizpideak jarraituz, gizartean eraldaketa soziokulturala, sozioekonomikoa eta teknologikoa ahalbidetzen duten tokiko eta eskualdeko berrikuntza ekimenak aitortzen dituen saria da. Durangoko Udalak horrela azaldu du saria prentsa ohar bidez. “Oso positiboa da guretzako Europa osoko kandidatura askoren artean hautatuak izatea. Pozik gaude oso ingurumenaren zaintza eta hiri mugikortasun iraunkorragoa lortzea helburu duten udal politikak sustatzeagatik eskaintzen digute errekonozimendu honengatik”, adierazi du Aitziber Irigorasek. Irigorasen esanetan, hautaketa hau urte askotan zehar hainbat pertsonek izan duten inplikazio eta elkarlanetik jaio da. Durangoko Udalakazaldu duenez, Faktore Berdea tresna aurkeztu dute "klima-aldaketari egokitzeko xedez Durangok Sare Berdearen barruan dituen hiri-espazio publikoak diseinatzen lagunduko duen plana".

Herriaren Eskubidearen kritika

Herriaren Eskubidea alderdiak dioenez, Durangoko Udalak sariketa honetara proiektu bat aurkeztu du. "Plano eta argazki irrealak aurkezten dituzte, gune berde moduan aurkeztuz bost etxe dorre eta errepideak onartu dituzten lekuak. Berriro ere argi gelditzen da gobernu taldeak engainatu egiten gaituela", dio oposizioko alderdiak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!